Krisi Ekonomikoa -
Uztailak 25 | Santiago Eguna
Arabako ostalaritzak mobilizazioei ekin die, Jazzaldiaren hasieran
Hilaren 25erako greba eguna deitu dute, lan hitzarmenaren alde.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
UGT, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek mobilizazioak hasi dituzte gaur, uztailaren 25erako (Santiago Eguna) deitutako greba egunaren atariko gisa, lan baldintzak hobetzea eskatzeko.
Zentralek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, 11:30ean, eta berriz ere egin dute 17:30ean. Jazzaldiaren hasiera delako hautatu dute gaurko eguna.
Agiri batean, sindikatuek gogorarazi dute sektoreko langileek soldata izoztuta izan dutela azken lau urteetan, eta, ondorioz, horien erosteko ahalmena % 4,6 jaitsi dela.
Hala ere, patronalak soldatak % 20 jaistea eta laneguna luzatzea proposatu diela azaldu dute zentralek, eta "probokazio" gisa hartu dute.
Gainera, patronalak antzinatasunaren, gauekotasunaren eta igandeetako eta jaiegunetako osagarrien zati bat kendu nahi diela eta kaleratzea merkatu nahi duela salatu dute.
Horrela, soldataren jaitsiera pilatua "% 40koa" izango litzateke, "eta prekarietateak gora egingo luke".
Horrenbestez, greba eguna deitu dute hilaren 25erako. Egun horretan, Blusaren Eguna ospatuko dute Gasteizen.