Krisi Ekonomikoa -

Datuak berrikusita

EAEn aurten 22.000 enplegu sortuko direla aurreikusi du Confebaskek

Patronalaren datuen arabera, euskal ekonomia % 2,7 haziko da, eta langabezia % 13,5 jaitsiko da. Confebasken "hitz ponpoxoen" atzean "prekarietatea" dagoela salatu du LAB sindikatuak.

Confebaskek 2015ean 22.000 lanpostu sortuko direla aurreikusten du

01:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten EAEko ekonomia % 2,7 haziko da eta langabezia, berriz, % 13,5 jaitsiko da, Confebaskek gaur kaleratu dituen datuen arabera. Hala, 2015ean 22.000 enplegu sortuko direla iragarri du patronalak.

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak eman ditu datu horiek, Bilbon. Bertan, egoeraren txostena aurkeztu du, eta hobera zuzendu ditu lehendik aurkeztutako ekonomia datuak; izan ere, abenduan emandako datuen arabera, % 1,9 igo behar zen ekonomia, eta 17.000 enplegu sortu behar ziren.

Patronalaren esanetan, zortzi hamarren gehiago haziko da ekonomia, industriak bultzatuta. Hain zuzen ere, sektore hori % 3,5 haztea espero dute.

Datu horietan oinarrituta, langabezia % 13,5era jaistea aurreikusi du patronalak, aurrekoan % 15,2an kokatu ondoren.

Confebasken "hitz ponpoxoen" atzean "prekarietatea" dagoela salatu du LABek

LABek salatu duenez, Confebasken "kopuru potolo eta hitz ponpoxoen" atzean "prekarietatea eta lan pobrezia" daude. Horrela, patronala "tranpa" egiten ari dela adierazi sindikatu abertzaleak prentsa ohar batean.

Lanpostu berriak sortuko direla esan du sindikatuak, "baina, ordu berririk ez"; hau da, LABen ustez, "orain, lana jende gehiagoren artean banatuko da, baina ordu gutxiago eta soldata baxuagorekin". "Honek, prekarietatea eta pobreziaren hedapena dakar, desberdintasunak areagotuz", gaineratu du.

Beste alde batetik, enpleguaren hazkundeak gora egingo duela esan du, baina enpresetan ez direla soldatak igotzen edo "oso igoera eskasak" ematen direla salatu du. Azken urteetan soldatek "erosteko ahalmen izugarria" galdu dutela ziurtatu du sindikatu abertzaleak, eta, hemendik aurrera, horrela izaten jarraituko duela.

Hori guztia dela eta, "tranpak alde batera uztea" eta herri honek behar duen "enplegu duina sortzea eta aberastasunaren banaketa eraginkorra egitea", eskatu du LABek. "Beste guztia prekarietatez beteriko zenbakiak baino ez dira", ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Confebask albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak Enpresen albisteak