Krisi Ekonomikoa -

Gabon mezua

Urkullu: 'Enplegua sortzeko eta akordioak lortzeko urtea da 2015a'

Urte amaierako mezuan, 2014ko "une zailak" gainditzeko herritarrek erakutsitako "elkartasuna" eta "konpromisoa" eskertu ditu lehendakariak eta urte berriari begira, "konfiantza" eskatu du.

2015ari begira, baikor agertu da lehendakaria bere mezuan.
Iñigo Urkullu
Lehendakariaren urte bukaerako mezua, osorik

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikuspegi positiboa proposatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hastear dagoen 2015ari ekiteko. Hala, "enplegua sortzeko" eta "Estatus Politiko berria adosteko akordioak lortzeko" aukera izango dela azpimarratu du.

ETB-1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskaini duten mezuan, 2014ko "une zailak" gainditzeko herritarrek erakutsitako "elkartasuna" goraipatu du lehendakariak: "Elkarrekin igarotako zailtasunei aurre egiten jakin izan dugu. Denok elkarrekin", erantsi du. Era berean, erakunde eta alderdi politiko guztiek babes soziala bermatzeko adostutako ituna "harro sentitzeko modukoa" dela agertu du.

Amaitzear dagoen urtearen errepasoa egin du Urkulluk Gabon Zaharreko mezuan.  Arlo ekonomikoan, "bazter guztiak jo dituen krisia" aipatu eta, haren ondorioz, enpresa askok itxi egin behar izan dutela eta horrek langabezia ekarri duela agertu du lehendakariak. Hain justu, Jaurlaritzaren helburu nagusia "egoera horri buelta ematea" izan dela eta izango dela azpimarratu du.

Ildo horretan, Jaurlaritza "Herriaren dirua zorroztasunez kudeatzen ahalegindu" dela esan du Urkulluk, eta "beharrizan guztiei" aurre egin ez badie ere, "inor atzean ez uzteko ahalegin berezia" egin duela azpimarratu du.

Krisia gainditzeko, "momentu egokia"

2015ari begira, baikor eta itxaropentsu agertu da EAEko gobernuburua. Haren ustean, Euskadik krisia gainditzeko "momentu egokia" du, "oinarri sendoagoak ditugulako". Hala, hastear dagoen urtean "ekonomiak hazten jarraituko du eta aukera berriak etorriko zaizkigu", Urkulluren berbetan. Bide horretan, "elkartasuna, zintzotasuna, zuzentasuna eta konfiantza" gako direla uste du lehendakariak.

Gazteak, enpresak eta inbertitzeko erabakiak hartzen dituztenak "oso presente" dituela esan du lehendakariak eta denei "konfiantza" eduki behar diela helarazi die, "etorkizuneko proiektu bat dugulako".

Hastear den urteari begira, bi helburu nagusi dituela azpimarratu: ekonomia berpiztea eta enplegu berriak sortzea. Xede horiek betetzeko Euskadik "abantaila" duela iritzi dio Urkulluk, "norabide argi bat" ezarri duelako. Ingurumaria horretan, "espezializazioa, berrikuntza eta hazkunde iraunkorra" aipatu ditu lehendakariak eta "Europara begira gaudela" erantsi. "Bide luzea izango da, baina ziurra", borobildu du.

Politikagintzan ere, "eskuzabaltasuna eta konpromisoa"

2015a krisialditik ateratzeko urtea ez ezik, Bakea eta Bizikidetza sustatzearena ere izango da, Urkulluren iritzian. Prozesu hori "luzea eta neketsua" izango dela jakitun, "eskuzabaltasuna eta konpromisoa" eskatu ditu, "guztion ahalegina eta bultzada, guztion konpromisoa ezinbestekoa" izango delako.

Ildo horretan, belaunaldi berriak gogoan izateko deia egin du: "Erakutsi dezagun eskuzabaltasuna, kalkulurik gabe. Eskaini dezagun gu guztion onena, belaunaldi berriei hoberena uzteko", agertu du.

Urkulluren aburuz, "herri honetako familia politiko guztiak" bilduko dituen "plaza publikoa" eraiki beharra dago, "zubiak berreraikiz" eta "elkarrizketaren bidea" hartuz.

Asmo horren adibide izan daiteke 2014an osatutako Autogobernuaren Lantaldea. Hain justu, ponentzia horren sorrera txalotu du lehendakariak: "Aurreneko aldiz, Legebiltzarrean ordezkari politiko guztiak elkartu gara, Ponentzia batean, hausnarketa eta proposamen berri bat adosteko". Lantaldeak Estatus Politiko berria lortzeko aukera eman dezake, lehendakariaren ustez. Hori horrela, dei egin die gainerako alderdiei: "Oinarrietan ados bagara, ahalegindu gaitezen akordioetara iristen. Aurrera egin behar dugu Estatus Politiko berria adosteko bidean", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak