Krisi Ekonomikoa -
Oñati
Cegasa arrisku-kapitaleko funts bati saltzea baimendu du epaileak
Hain zuzen ere, Oñatiko plantaren hiru negozio-unitate saltzeko baimena eman du.
Erredakzioa
Cegasa konpainiak Oñatin (Gipuzkoa) duen lantegiko hiru negozio-unitate arrisku-kapitaleko funts bati saltzea baimendu du Gasteizko epaile batek. Sherpa Capital konpainiari salduko dizkiote.
Sherpak langileen % 45 (hau da, 130 langile) mantentzeko konpromisoa agertu du, eta lan-baldintzei eutsiko die, oro har, baina % 15eko murrizketa egingo die 40.000 euro baino gehiago kobratzen dutenei.
Halaber, urtebetean lan-erregulazioko planik ez duela aurkeztuko eta, kontrataziorik eginez gero, Cegasako langile ohiak kontuan hartuko dituela agindu du.
Gainera, garraio zerbitzu bat kontratatu behar badu, Cega Multidistribucionekin egingo duela ere hitzartu du.
Epaileak azaldu duenez, Sherparen eskaintza Cegasa erosteko jasotako bakarra izan da, eta, beraz, "jarduerari eusteko aukera bakarra zen".