Krisi Ekonomikoa -
Europako Batzordea
Euroguneko ekonomia % 0,8 haziko da 2014an, EBren arabera
2015ean, berriz, % 1,1ekoa izango omen da hazkundea. Bestalde, Espainiako Estatuak aurten bete egingo omen du defizit helburua, baina 2015ean eta 2016ean, ez.
Erredakzioa
Europako Batzordeak hazkunde txikia espero du eurogunearentzat eta Europar Batasunarentzat aurten: % 0,8koa eta % 1,3koa, hurrenez hurren.
Europako Batzordeak aurreikuspen makroekonomikoak aurkeztu ditu gaur, eta 2015ari dagokionez, euroguneko estatuen Barne Produktu Gordinaren (BPG) gorakada % 1,1ekoa izatea espero du, eta % 1,5ekoa, Europar Batasunean.
2016rako, hazkundea handiagoa izango da, adituen ustez: % 1,7koa eurogunean eta % 2koa Europar Batasunean.
Jean Claude Juncker buru duen Europako Batzordearen aurreikuspenek jaitsi egin dituzte maiatzekoak, orduan % 1,2ko eta % 1,7ko hazkundea aurreikusi baitzuten eurogunean 2014rako eta 2015erako, eta % 1,6koa eta % 2koa, Europar Batasunean.
Lan-merkatuari dagokionez, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera, % 10,3ko mailan geratuko da Europar Batasuneko bataz bestekoa urte amaieran, eta % 10era eta % 9,5era jaitsiko da 2015ean eta 2016an.
Espainiako Estatuak defizit helburua beteko du
Espainiako Estatuak defizit helburua beteko du aurten, bi hamarreneko tartearekin, BPGaren % 5,6raino murriztuta, eskatzen zioten % 5,8tik behera. Hala ere, datozen bi urteetan, neurri gehiago hartu ezean, ez du Europar Batasunaren agindua beteko, Europako Batzordearen aurreikuspenak betetzen badira.