Krisi Ekonomikoa -
2015eko Aurrekontuak
'Aurrekontuen aurrean intsumisoa' izateko eskatu dio EAJk Montorori
Espainiak "beste zulo batean erortzeko" arriskua daukala ohartarazi dute jeltzaleek. Austeritatea alde batera utzi eta neurri ekonomikoei "bira emateko" eskatu diote Gobernuari.
Erredakzioa
Pedro Aspiazu EAJko Kongresuko bozeramaileak “aurrekontuen aurrean intsumisioa” egiteko eskatu dio Cristobal Montoro Ogasun Ministroari. Austeritatea "atzean utzi" eta Gobernuaren politika ekonomikoa aldatzeko ere erreklamatu dio Aspiazuk ministroari, “Espainia beste zulo sakon batean ez eror ez dadin". Horrenbestez, 2015. urteko Aurrekontuen egitasmoa atzera botatzeko eskatu diote jeltzaleek PPko agintariei.
EAJk osoko emendakina jarriko diete 2015ko Aurrekontuei, eta ekimena gaur defendatu dute, Kongresuko osoko bilkuran. Egoera ekonomikoaren aurrean “oso kezkatuta” daudela esan du Aspiazuk eta, “erantzukizunez jokatzeko asmoz”, osoko emendakina aurkeztea erabaki dute.
“Egoera kritiko batean gaude; berriro ere zulo sakon batean erortzeko aukera handiak daude, eta zulo horretatik nola eta noiz aterako ginatekeen ez genuke jakingo”, ohartarazi du.
“Oker aritu zaretela onartu behar duzue; gezurretan ibiltzeari utzi, eta errealitateari heldu behar diozue hemendik aurrera. Ezin da ulertu Europako egoera kritikoa dela onartzearekin batera aldaketarik ez proposatzea edota inolako erantzukizunik zuen gain ez hartzea”, adierazi du.
Horrenbestez, Manuel Valls Frantziako lehen ministroak egin zuen modura, Aurrekontuen aurrean “intsumisoa” izateko eskatu diote jeltzaleek Montorori. “Behar bada, intsumisioak batuz, aldaketa bat beharrezkoa dela ikusiko dute Iparraldekoek”, berretsi du.
“Ekonomiak behar duena, eta oihuka ere eskatzen ari dena, aldaketa bat da”.