Krisi Ekonomikoa -

Lan-gatazka

Laugarren greba eguna Bizkaibusen, eta akordioa urrun

Sindikatuek aurreko urtean Aldundiarekin sinatutakoa errespetatzen duen eta enpleguari eustea bermatzen duen akordioa eskatzen diete enpresei, lanuzteak bertan behera uzteko.

Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Argazkia: EiTB
Bizkaibuseko langileen manifestazioa.
Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko langileek laugarren greba eguna egingo dute asteazken honetan, iaz Aldundiarekin enpleguari eusteko egindako akordioa bete dadila aldarrikatzeko.

Egun osoko lanuztearen baitan, ELA, CCOO, LAB, UGT eta LSB/USO sindikatuek manifestazioa egingo dute Bilboko erdigunean.

ELAk prentsa-ohar batean azaldu duenez, eutsi egingo diete grebei, eta bertan behera uzteko baldintza bakarra enpresa berriek aurreko urtean Aldundiarekin sinatutakoa errespetatzea eta enpleguari eustea izango da.

Bestalde, ELAk Aldundiaren eta enpresen jarrera kritikatu du, atzo egin zuten bileran hitz egin zutenari buruzko informaziorik eman ez dielako.

Sindikatuak jakinarazi du salaketa jarri duela Lan Ikuskaritzan, lanuzteetan "langileen legez kanpoko ordezkapenak" egin dituztelakoan.

UGTk beste ohar bat kaleratu, eta bertan dio irailean kaleratu zuten langile baten kontziliazio saiora joango dela. Mungia-Meñaka eta Arrieta-Fika ibilbideen esleipenak kaltetutako langilea omen da, eta horrek "agerian uzten" omen du "Bizkaibusen jendea kaleratzen ari direla, Bizkaiko Foru Aldundiak kontrakoa esaten duen arren".

UGTren arabera, Aldundiaren esku dago 2013an sindikatuekin sinatutakoa betetzea, eta bihar eman dezake lehenengo pausoa, kontziliazio saioan langilearen subrogazioa onartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Bizkaibus albisteak