Krisi Ekonomikoa -
Lan-gatazka
Akordiorik ez Osakidetzaren mahai sektorialean
Sindikatuak mahaitik altxatu dira eta mobilizazioak iragarri dituzte ostegunetik aurrera.
Erredakzioa
Ez da akordiorik lortu Osakidetzako mahai sektorialean. Sindikatuak negoziazio mahaitik altxatu dira, eta mobilizazioak eta itxialdiak iragarri dituzte ostegunetik aurrera, eta lanuzteak urriaren amaierarako.
60 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa egitea proposatu du Jaurlaritzak, eta hainbesteko premia duen sektorean eskaintza hori egitea iraingarria dela uste dute sindikatuek.
ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE, ESK eta Medikuen Sindikatua dira mahaitik altxatu direnak. Negoziaziorako jaso duten benetako proposamen bakarra 60 lanpostu sortzeko oposizioa izan dela eta hori behin-behineko 8.000 langile dituen talde batentzat iraingarria dela iritzi diote.
Osakidetzaren iritziz, berriz, eskaintza horrek enplegu publikoari eusteko borondatea erakusten du.
Bost hilabete zeramatzaten mahai sektorialean eseri gabe. Gaur, bide berri bat hasi eta jorratzeko asmoz, eta joera aldaketa bat erakusteko, konpromiso batzuk jarri ditu Osakidetzak mahai gainean, sindikatuekin negoziatzeko, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak esan duenez, tartean, oposizioen deialdi bat, 2014 eta 2015ean egiteko, printzipioz kopurua zehaztu gabe, baina Espainiako Gobernuak oposizioak egiteko jartzen dituen mugak baldintzatuta.
Sindikatuek orain mobilizazioak iragarri dituzte. Ostegunean hasita, itxialdiak egingo dituzte erietxeetan, manifestazioak urriaren 4an eta lanuzteak urriaren 30etik aurrera.