Krisi Ekonomikoa -

Enplegua

Langabeziak % 4 egin du behera Hego Euskal Herrian

Guztira 167.764 langabe daude EAEn, eta Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia, % 4,41 (2.126 langabe gutxiago). Espainiako Estatuan ere behera egin du langabeziak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn 167.764 pertsona zeuden langabezian ekainaren bukaeran, maiatzean baino 7.103 gutxiago, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez. Hori horrela, langabeziak % 4,06 egin du behera hilabetean. Urtebetean % 3,59ko beherakada izan da langabezian.

Nafarroan ere behera egin du langabe kopuruak, % 4,7 hain zuzen ere, eta 47.107 daude guztira.

Lurraldeka, Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia, % 4,41 (2.126 langabe gutxiago), Bizkaian % 4,17 (4.111 langabe gutxiago) eta Araban % 3,08 (856 langabe gutxiago) egin baitu behera.

Espainiako Estatuan 4.449.701 langabe zeuden ekainaren amaieran, maiatzean baino 122.684 gutxiago, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez. 2014an 251.637 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian Estatuan, eta duela 12 hilabete baino 313.979 langabe gutxiago daude.

Jaurlaritza, gustura

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua gustura agertu da EAEn "azken hamar urteetan" izan den "datu onena" delako langabeziarena, eta industria eta eraikuntza alorren bilakaera azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian