Krisi Ekonomikoa -
Nazioarteko Diru Funtsa
NDFk zergak igotzea eta kaleratzeak merkatzea eskatu dio Espainiari
Hala eta guztiz ere, Espainiako Estatuko herritarren esfortzua txalotu du, atzeraldia "atzean uztea" ahalbidetu duelako.
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) txalotu egin du Espainiako Estatuko herritarrek egin duten esfortzua atzeraldia "atzean uzteko", baina krisiak utzi dituen 5,9 milioi langabeen arazoa konpontzeko neurri gehiago hartu behar direla azpimarratu du.
NDFk Espainiara bidalitako adituek egin duten txostenaren ondorioak argitaratu ditu gaur, eta azpimarratu du ekonomia indartzen ari dela urte hasieratik, 2008tik izan den hazkunde handienarekin, esportazioen eta finantza merkatuaren hobekuntzarengatik batez ere.
Hala eta guztiz ere, susperraldia egonkortzeko esfortzu handiagoa egin beharra dagoela uste du NDFk. Hala, proposamen batzuk egin ditu: enpresa txiki eta ertainei zor pribatuak eta publikoak birfinantzatzeko erraztasunak ematea, soldatak ez igotzea, enplegu politika aktiboak hobetzea eta kontratu mugagabea duten langileen kaleratzea merkatzea, behin-behinekoenaren parekoa izan arte.
Era berean, zor eta defizit publikoaren maila altuaz ohartarazi du, eta horri aurre egiteko zerga erreforma aukera ona dela iritzi dio, zerga bereziak eta ingurumen alorrekoak igota, BEZ murriztua duten zerbitzu eta ondasunen kopurua jaitsita, zerga kenkariak kenduta eta elkarteen gaineko zerga jaitsita diru-sarrerak handi ditzakeelako Administrazioak.
Espainiako ekonomia suspertzen hasteko neurri erabakigarrien artean, NDFk "gastuaren, zergen eta pentsioen" inguruan hartutako erabakiak aipatu ditu, aurrekontu sistema eta Gizarte Segurantza indartu dituelakoan.