Krisi Ekonomikoa -
Prezioen indizea
Euroguneko inflazioa baretu egin da eta % 0,5ean bukatu du martxoa
Elikagaien, alkoholaren eta tabakoaren prezioek % 1 gora egin dutenez, inflazio tasa baretu egin da. Aurreko hilabetean % 1,5 igo ziren preziook, eta aldaketa horrek ekarri du baretzea.
Erredakzioa
Euroguneko urtetik urterako inflazio tasak % 0,5ean bukatu du martxoa, otsailekoa baino bi hamarren gutxiagorekin eta 2009tik izan duen mailarik baxuenean, Europako Banku Zentraleko Administrazio Kontseiluak bilera egiteko hiru egun falta direnean Eurostatek zabaldutako datuen arabera.
Elikagaien, alkoholaren eta tabakoaren prezioek % 1 gora egin dutenez, inflazio tasa baretu egin da. Aurreko hilabetean % 1,5 igo ziren preziook, eta aldaketa horrek ekarri du baretzea. Bestalde, energiaren prezioak % 2,1 egin du behera, otsailean % 2,3 jaitsi eta gero.
Horrela, azpiko inflazioa (energiaren eta elikagai freskoen aldakortasuna aintzat hartzen ez duena) % 0,8 hazi da martxoan, otsailean % 1 hazi ondoren. Soilik energiaren prezioa baztertzekotan, inflazioak zortzi hamarren egin du gora martxoan, otsailean baino hiru gutxiago.
Bestalde, zerbitzuen prezioa % 1,1 igo da (% 1,3 egin zuen otsailean), eta ondasun industrial ez energetikoak % 0,3 igo dira (otsailean baino hamarren bat gutxiago).