Krisi Ekonomikoa -

Enplegu eta susperraldi plana

2016. urtea arte 32.000 enplegu sortzea du helburu Jaurlaritzak

Gasteizko Gobernuak 6.475 milioi euroko plana onartu du, hurrengo hiru urteetan enpleguak sortu eta ekonomia suspertzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Enplegu eta Susperraldi Plana aurkezten. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, Enplegu eta Susperraldi Plana aurkezten. EiTB
Urkullu: '32.000 enplegu berri sustatzea da helburua'

1:31

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Suspertzeko eta Enplegua Sortzeko 2014-2016 Plana onartu du astearte honetan. Horrekin, Jaurlaritzak 32.000 lanpostu eta 8.000 enpresa sortu nahi ditu hurrengo hiru urteetan.

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du gaur, astearteetako Gobernu Kontseiluaren ostean, planaren nondik norakoak zehazteko, atzo EAJk eta PSE-EEk azken zehaztasunak adostu eta gero. Horrekin batera, Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua ere izan dira.

Gobernuburuaren esanetan, planaren lehentasuna "enplegua" eta enpresa txikien eta ertainen jarduera bultzatzea izango da, konpainia horiek EAEn daudenen % 85 baitira.

"Enpresa txikiek eta ertainek ikerketa eta berrikuntza jarduera gehiago garatzeko, horien lehiakortasuna hobetzeko eta atzerriko merkatuetan hazteko jaio da plan hau", azaldu du Urkulluk.

Aurreikusita zegoenez, plana 6.475 milioi eurokoa da (4.615 milioi dirutan eta 1.860 milioi abaletan), eta bi lan esparru izango ditu: enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea.

Enplegu programak

Planak sei programa aurreikusten ditu aipatu 32.000 lanpostuak sortzeko. Finantziazio handiena herrietan eta eskualdeetan kontratazioak bultzatzeko programak izango du, 200 milioi euro bideratuko baitituzte zeregin horretara.

Horren ildotik, EAJk eta PSE-EEk atzo aurreratu zutenez, EAEko udalek urtean 2.800 langabe kontratatzeko plana abiatu du Jaurlaritzak. Helburua gazteen eta epe luzeko langabeen artean enplegua sortzea da.

Juan Mari Aburtok gaur zehaztu duenez, kontratazio horietako % 30 diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileak izan behar dira. Gainera, enplegu planak udalek eurek erabaki ahalko dituzte.

Bestalde, langabeei zein okupatuei prestakuntza emateko eta gazteen artean enplegua sortzeko neurriak ere iragarri dituzte. Adibidez, 50.000 euro arteko mikrokredituak emango dizkiete gazte ekintzaileei, eta nazioartera joateko eta atzerritik itzultzeko bekak sortuko dituzte.

Enpresa txikien eta ertainen finantziazioa ere hobetuko dute, eta, horren harian, diru-laguntzak emango dituzte merkataritzaren, turismoaren eta nekazaritzaren sektoreetan. Halaber, kinka larrian dauden enpresak langileen esku geratzea erraztuko dute.

Azkenik, 190 milioi euroko 'renove' planak onartuko dituzte, 37.000 etxebizitza eta osasunaren eta hezkuntzaren sektoreko eraikinak zaharberritzeko.

Ekonomia sustatzeko programak

Ekonomia sustatzea helburu duten programek lau oinarri izango dituzte: inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta industrializazioa.

Inbertsioaren alorrean, 2.400 milioi euro bideratuko dituzte azpiegiturak egiteko, komunikazioaren, hezkuntzaren, osasunaren eta etxebizitzaren sektoreetan.

Berrikuntzari dagokionez, 900 milioi euro inbertituko dituzte, ikerketa zientifikoak egiteko.

Beste 95 milioi euro 'Basque Country' marka atzerrian sustatzeko eta EAEko enpresei kanpora ateratzen laguntzeko erabiliko dituzte.

Azkenik, Jaurlaritza 500 milioi euroko plan industriala prestatzen ari da, eta apirilerako bukatuta egotea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea