Krisi Ekonomikoa -
Enplegua
Bizkaian enplegua ez da haziko 2014an, Cebeken arabera
Bizkaiko patronalak iragarri du ekonomia % 1 haziko dela lurraldean (% 0,9 EAEn) eta suntsitzen diren lanpostuak baino gehiago sortzeko % 1,5eko hazkundea behar omen da gutxienez.
Erredakzioa
Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak ere ekonomiaren hazkundea iragarri du 2014rako, baina oso motela (% 1ekoa) izango dela aurreratu du. Hori dela eta, oso zuhur mintzatu dira, ez baitute espero enplegua suspertzea aurten Bizkaian.
Susperraldiaren mezuarekin bat egin baina gehiegizko baikortasunetik urruntzeko deia egin du Bizkaiko patronalak, % 1eko hazkundea ez delako nahikoa enplegua sortzeko.
Iñaki Garcinuño Cebek elkarteko presidenteak azaldu duenez, Industriak 4 puntuko pisua galdu du lurraldeko barne produktu gordinean, % 18ra jaitsi baita, eta berrikuntzaren bidetik suspertzeko deia egin dute.
Confebaskek eta sindikatuek lanbide arteko akordioa adostearen alde egin du Cebekek, hirugarren saiakeran, eta horretarako ELA eta, batez ere, LAB sindikatuei elkarrizketa sozialaren aldeko borondatea azaltzeko eskatu die.
Bizkaian dauden 48 lurralde hitzarmenetatik 34 bertan behera geratu dira. Nolanahi ere, egoera horretan dauden enpresei soldatei eusteko gomendioa egin diete gaur gutun bidez. Euskadiko negoziaketa esparrua lehenesten dute Bizkaiko enpresariek, lurraldeko hitzarmenak lortzeko, enpresa arloari ekiteko Adegik egin duen proposamenaren kontra.