Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bizkaiko Aldundiak ez du berriro Bilbao Basket erreskatatuko
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak diru-sarrera pribatuak bilatzeko deia egin dio taldeari, Foru Aldundiak "beste lehentasun batzuk" dituela argudiatuta.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak diru-sarrera pribatuak bilatzeko deia egin dio Bilbao Basket saskibaloi taldeari, Foru Aldundiak "beste lehentasun batzuk" dituela argudiatuta.
Bilbaok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Basketekin zituen lan-hitzarmenak aurreratu zituen eta 2014ko aurrekontuan ez da klubarentzat dirurik aurreikusten.
Buruzagi jeltzalearen arabera, "kirol profesionalak jasangarria izan behar du", eta duela bi urte erabaki zuten ez zutela horretarako diru publikorik emango, "beste lehentasun batzuk" zeudelako.
Gorka Arrinda Bilbao Basketen akziodun nagusiak abenduaren 30ean esan zuen egoera ekonomikoa "muturrekoa" zela eta 1,5 milioi euroko premia zutela.
Hala ere, Bilbaok jakinarazi du "inork" ez duela Aldundira jo babesle bila. Ahaldun nagusiaren arabera, Bilbao Basketek "finantza oinarri sendoa" izan behar du eta ekonomikoki "jasangarria" izan behar du, "diru-sarrera handiak lortuta". Horren harira, Athletic taldearen egoerarekin alderatu du, futbol taldeak, saskibaloi taldeak ez bezala, 40.000 bazkide eta telebistako kontratuak dituelako.
Halaber, Bilbao Basketi "gogoeta" egin dezala eta aurrekontuak eta jokalarien soldatak murrizteko eskatu dio biziraun ahal izateko.
Edesa
Bestalde, Bilbaok azpimarratu du lanean jarraitzen dutela Edesako langileentzat egitasmo bat prestatzeko, enpresa "bideragarria" dela iritzita. Hori horrela, Edesa eta Bergarako lantegiak ez saltzeko eskatu du, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibaren ekoizpen lerro horiek "bideragarriak" direlako.
"Gehiegi hitz egiten da" presoei buruz
Bake prozesuari dagokionez, Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du "gehiegi" hitz egiten dela presoez, kartzela-politikaz, ETAz eta bakegintzatz, eta, azkenean, "honek kilker-zuloa dirudi".
Bilbaok azaldu duenez, errespetatzen du presoen "gaia", baina ez zaio iruditzen gizartearen lehentasunen artean dagoenik, eta hala ere, "egunkariak, albistegiak, irratiko saioak, etab. Irekitzen dituzte gai horrekin". "Niri ez zait horretaz hitz egitea asko gustatzen. Errespetatzen dut. Iruditzen zait pauso batzuk eman behar direla, zauri batzuk itxi behar direla", gaineratu du.