Krisi Ekonomikoa -
Lan gatazka
Euskaltelen grebaren jarraipena % 85-90ekoa da, ELAren esanetan
Enpresak, berriz, % 48koa dela eta zerbitzua "normaltasun osoz" eskaintzen ari direla azpimarratu du.
Erredakzioa
Euskaltel konpainiako 550 langileek hiru eguneko greba abiatu dute gaur, CCOO eta ELA sindikatuek deituta, balizko kaleratzeak salatzeko. Hain zuzen ere, Euskalteleko langileen aurreneko greba propioa da, enpresa duela 15 urte sortu zenetik.
ELAren esanetan, langileen gehienak egin du bat deialdiarekin, eta jarraipena % 85-90ekoa da; horrenbestez, "enpresa itxita dago ia", nabarmendu dute.
Oso bestelakoa izan da enpresaren zuzendaritzaren irakurketa. Haren hitzetan, % 48koa izan da jarraipena, eta zerbitzua "normaltasun osoz" ari dira eskaintzen. Zuzendaritzak ohar bidez salatu duenez, gainera, "sindikatuek deitutako elkarretaratze baten ondorioz, langile batzuk ezin izan dira lantokira sartu".
Bihar eta etzi ere greba eguna dute Euskalteleko 550 langileek. Gaur Bilboko kaleetan manifestazioa egin dute, protesta gisa.
ELA sindikatuaren irakurketa
Lanuztearen balorazioa egiteko prentsaurrekoa eskaini dute Mikel Noval ELAko zuzendaritza batzordeko bozeramaileak, Maite Leizegi Zerbitzuak ataleko arduradunak eta Andoni Sanz Industria eta Eraikuntza ataleko eledunak. Euskaltelen egoera Eusko Jaurlaritzari, EAJri, PSEri eta Kutxabanki egotzi diete eta "enpresaren geroa jokoan" dagoela azpimarratu dute.
Novalek gogorarazi duenez, Kutxabankek, Europako arau bati jarraiki, Euskaltelen zuen kapital gehiengoari muzin egin dio (% 63,86 izatetik % 49,9ra pasatu da). Hala, kapitalaren gainerakoa Trilantic eta Investindustrial inbertsio funtsen (% 48,1) eta Iberdrolaren (% 2) artean banatzen da.
Orain, "espekulazioa lege duen kapital pribatua"ren kontrolpean dago enpresa, ELAren hitzetan. "Denbora gutxian ahalik eta etekin handiena ateratzea dute helburu" enpresa pribatu horiek eta, beraz, enpresaren geroa "kolokan" da.
Horrez gain, "dituen etekin handiekin, moraltasun eza erakusten dute lanpostuak gutxitu eta lanorduak gehitzeko asmoarekin", salatu du sindikatuak.
Euskalteleko zuzendaritzaren iritzian, berriz, "neurrigabea" da greba, eta beste enpresa batzuekin "aliantzak" eginez lanpostuak mantentzea lortuko duela nabarmendu du.
Jasangarritasuna bermatu
Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearen arabera, “Euskaltel garatzen ari den kudeaketa planak ez du desinbertsio eragiketarik jasotzen, jasangarritasun plana da, eta horrek ez dakar berarekin enplegua galtzea”. “Horretarako lanak kanpora atera behar badira, denek egiten duten zerbait da”, gaineratu du.
Fernandezek adierazi duenez, Euskaltelek “Espainiar Estatuko leku aberatsenean negozioa egin nahi duten” lehiakideei aurre egin behar die. “Euskaltelek lehiakortasuna hobetu behar du eta lehiakideen aurrean jasangarritasuna bermatzen ari da”, azpimarratu du.
Kutxabankeko arduradunak dioenez, “egun jasangarria izateko barruan egiten diren lanak kanpora atera behar badira, mundu guztiak egiten duen zerbait da”. “Lan zehatzak egitea norbaiti eskatzea merkeagoa da, eta horren inguruan hitz egiten ari dira”, nabarmendu du.