Krisi Ekonomikoa -
Krisia Fagorren
Fagorrek ez du konkurtsoa Poloniara eta Irlandara eraman nahi
Epaileak Fagor Mastercooken espedientea Poloniara eta Fagor Irelandena Irlandara ez eramatea espero dute, kontrakoa "kaltegarria" izango bailitzake kooperatibarentzat eta hartzekodunentzat.
Erredakzioa
Poloniako Mastercooken eta Irlandako Fagor Ireland filialen konkurtsoaren prozesua Euskal Herrian egitea eta bi herrialde horietara ez eramatea espero du Fagor Etxetresnak enpresak, espedienteak Poloniara eta Irladara eramatea kooperatibarentzat eta hartzekodunentzat "kaltegarria" izango litzatekeela iritzita.
Arrasateko kooperatibako iturriek azaldu dutenez, konkurtsoaren prozesua administratzaile bakarraren esku geratzea da haien helburua, izapideak "azkartuko" liratekeelako horrela. Hori omen da Irlandako eta Poloniako filialen konkurtsoak Donostiako Epaitegian aurkezteko arrazoia.
Europako legedia aintzat hartuta egin zuten, filialen hartzekodunen konkurtsoa enpresa nagusiaren jatorrizko herrialdean jartzea ahalbidetzen baitu.
Fagor Brandt filialaren kasuan, berriz, Frantzian aurkeztu zuten konkurtsoa, "Frantziako agintariek ekoizpena martxan jartzeko borondatea agertu zutelako".
Basauriko Edesaren konkurtsoa da oraindik aurkezteko dagoena, eta badirudi astelehenean izango dela. Grumal eta Projecten kasuetan (Fagor Etxetresnaken finantziazioa behar dute), datorren astean aurkeztuko dute, baina ez dute esan zein egunetan.