Krisi Ekonomikoa -
Fagor Etxetresnak
Birkokapenek behin-behineko hainbat langile kaleratzea ekar lezakete
Dena dela, birkokapen guztiak ez direla tankera horretakoak izango azaldu dute Mondragon Korporaziotik. Izan ere, aurre erretiroez baliatuko dira, eta lanpostu berriak ere sortuko dituzte.
Erredakzioa
Mondragon Korporazio Kooperatiboak Fagor Etxetresnak konpainiako 1.000-1.200 bazkiderentzako lana topatu nahi du, bizpahiru hilabeteko epean.
Horretarako, talde barruan aurretiko erretiroez baliatuko dira, baina lanpostu berriak ere sortuko dituzte, Zigor Ezpeleta korporazioaren giza kudeaketarako teknikariak Euskadi Irratian azaldu duenez.
Horren esanetan, behin-behineko hainbat langilek lanpostua galduko dute, bazkideek lana izan dezaten, baina birkokapen guztiak ez direla tankera horretakoak izango argitu du.
Mondragonetik EFE agentziari azaldu diotenez, gainera, birkokapenak "behin betikoak zein aldi baterakoak" izango dira.
Hori horrela, beste kooperatiba batean bizpahiru hilabeterako lanpostu bat sortzen bada, Fagor Etxetresnakeko bazkideei emango dietela azaldu dute.
"Konponbideak behin-behinekoak, epe luzekoak edo behin betikoak izan litezke", gaineratu dute.
Fagor Etxetresnakek 1.800 bazkide baino gehiago ditu Euskadin, eta, aurreikuspen onenekin, 600 inguru geratuko dira langabezian, Lagun Aroren prestazioak kobratzen. Dena dela, Mondragonek baztertu egin du zenbat bazkiderentzako lana sortu ahal izango duten baieztatzea, "itxaropen faltsurik ez sortzeko".
Konpainia ostiral honetan sartuko da hartzekodunen konkurtsoan, likidazio prozesua abiatzeko.