Krisi Ekonomikoa -

Alderdien iritzia

Egibar:'MCCk eta Fagorrek berandu, oker eta garaiz kanpo jardun dute'

Bestalde, Oskar Matutek esan duenez, "ez zait onargarria iruditzen diru publikoa eman ezin dela esatea, bankuei milaka milioi eman dietenean".

Solasaldian parte hartu duten alderdiek bat egin dute MCC eta Fagorren kudeaketa salatzean. EiTB
Solasaldian parte hartu duten alderdiek bat egin dute MCC eta Fagorren kudeaketa salatzean. EiTB
MCCko zuzendaritza 'oker eta berandu' aritu da, EAJren ustez

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk esan duenez, Fagorren eta Mondragon Taldearen zuzendaritzak 'berandu, oker eta garaiz kanpo jardun izan dira'; halaber "komunikazio txarra" egon dela salatu du baina, Eusko Jaurlaritza kooperatibismoaren alde dagoela berretsi du.

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak, UPyD izan ezik, Radio Euskadiko solasaldian izan dira gaur, larunbata, goizean, eta denak Fagor Etxetresnak enpresaren egoeraren inguruan mintzatu dira.

Joseba Egibar EAJren bozeramale eta GBBen presidentearen esanetan, Mondragon Taldeak Fagor Etxetresnak enpresari finantzaketa ahalbidetzea ukatu ostean, erakundeak "ez dira begirale hutsak izan behar".

Azpimarratu duenez, Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari dagokio orain "laguntzea, ahalik eta enplegu gutxien galtzeko eta etorkizuna bideragarria eta irmoa izateko", baina ez "enpresa bat ordezkatu".

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, "gehiago egin behar izan zen", enpresa gipuzkoarra oraingo egoeran egon ez zedin.

Enpresaren egoera iragarri zenetik euskal herritar guztion ahotan dabil Fagor

Txarli Prieto PSE-EEren bozeramaleak salatu duenez, Mondragon Taldearen eta Fagor Etxetresnaken zuzendaritzek ez diete behar den moduan informazioa eman bazkideei, eta horrek, bere ustetan, "zuzendaritzako kideen eta bazkideen artean amildegi bat dagoela agerian uzten du, idilikotzat jotzen zen ekonomia sozialeko esparru batean".

Halere, kooperatibismoa "garrantzitsua eta beharrezkoa" dela uste du Prietok eta, horren ildotik, bere alderdia "konponbideekin" bat egingo duela esan du; baina zuzendaritzako kideek eta langileek ""bat egin behar dute, ezin bailiteke sistema kooperatibista batean hogei bozeramale egon".

PPren aldetik, bestalde, Carmelo Barriok proposamena MCCk, Fagorrek, eta Jaurlaritzak Legebiltzarrean agerraldia egitea da, gertatutakoaren "gakoak" azaltzeko, uste baitu "Jaurlaritzaren politika industrialean zerbaitek huts egin duela".

Aste erabakigarria

Aste erabakiagarrian sartuko da Fagor Etxetresnak enpresa. Enpresak zazpi eta hamar arteko eguneko epea eman dio bere buruari aurrera egiteko beharko lukeen finantzaketa lortzeko.

Hori gertatu ezean, hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, ezinbestean. Bitartean, Mondragon Taldea (MCC) eta Jaurlaritza  Fagorreko krisiak izan lezakeen eraginari nola aurre egin aztertzen ari dira.

170 milioi behar du Fagorrek aurrera egiteko, eta ez du modurik ikusten diru hori lortzeko. MCCk berak ezezkoa eman dio, eta ia ezinezkoa ikusten dute orain enpresa dagoen egoeran inork dirutza hori inbertitzea.

Hortaz, Fagorreko zuzendaritzaren esanetan, dirua lortzeko lanean jarraituko dute, baina, ziurrenik, hartzekodunen konkurtsoan sartuko da 7-10 eguneko epean, berez, prozesu honetan egon daitekeen lau hilabateak agortu gabe.

Itxialdia Basaurin

Azken asteetako manifestazio jendetsuetako bat. EFE

Basauriko Edesako lantegiak 200 behargin ditu. Langileen hitzetan, "negozioa bideragarria da, eta ixtea erokeria bat da". Izan ere, aste honetan bertan eskariak jaso dituztela nabarmendu dute.

Aurrezkiak jaso nahian

Fagor Elektrotresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aukerak are ezkorrago egotera bultzatzen ditu bazkideak, bazkide ohiak eta senideak, "oso zail" ikusten baitute euskal kooperatiban sartutako dirua berreskuratzea.

Zehatz mehatz, Ordaindu kaltedunen elkarteak ziurtatu duenez, Fagor Etxetresnak "45 milioi borondatezko ekarpenetan eta beste 42 kapital sozialeko maileguetan ditu atxikita", eta enpresak itzuli beharko dizkie bazkideek eskatzen dituztenean.

Alabaina, konpainiaren krisialdi egoerak 'oso zail' egiten du dirua berreskuratzea; orain, lan barik geratzeaz gain, bizitza osoko aurrezkiak gal litzakete bazkideek.

Isidro Sanchez Ordainduren bozeramalearen hitzetan, egoera oso konplexua da, enpresa likidazio prozesu batean sartzen bada, araudiak hartzekodunen artean lehentasunak ezartzen dituelako, eta "bankuak eta erakundeak" lehengo postuetan egongo direla eta, hortaz, dirua agortuko dela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Joseba Egibar Artola berriak