Krisi Ekonomikoa -
EAE-ko funtzionarioak
Jaurlaritzak izoztu egin beharko ditu funtzionarioen soldatak
Bestalde, ospitaleetako botiketan sendagaien koordainketa ezartzeko agindua indargabetzea eskatu dio Josu Erkoreka bozeramaileak Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu egin du Exekutibo autonomikoak "oso zaila" izango duela Espainiako Gobernuak funtzionarioen soldata izozteko agindua ez ezartzea.
Gobernu Kontseiluaren ostean eskainitako prentsaurrekoan, orain arte Jaurlaritzak ez duela horren inguruan erabakirik hartu azaldu du Erkorekak.
Gaurko bileran, gaia hizpide izan dutela aurreratu du, baina, nolanahi ere, Mariano Rajoyren agindua ezartzea saihesteko aukera gutxi dagoela onartu du.
AHTaren lanak
Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidearen lanetan dagozkion tarteak "egin nahi ez baditu", Jaurlaritzari "egiten uzteko" eskatu dio Erkorekak Espainiako Gobernuari.
Bozeramailea kezkatuta agertu da, Estatuko Aurrekontu Orokorren zirriborroan Euskadirako aurrez ikusitako inbertsioak "asko" murriztu baitira.
Horren haritik, Erkorekak "kezka berezia" agertu du Rajoyk "azpiegitura estrategikoekin" erakutsitako "konpromiso eza"ren aurrean. Azpiegitura horien artean, AHTa aipatu du bozeramaileak.
Koordainketa
Josu Erkoreka Ana Mato Osasun ministroari ere zuzendu zaio, eta ospitaleetako botiketan sendagaien koordainketa ezartzeko agindua baliogabetzea eskatu dio.
Hain zuzen ere, gaur sartu da indarrean neurri hori, eta, 30 eguneko epean atzera egiten ez badute, Jaurlaritzak helegitea jarriko duela ohartarazi du.
Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuaren ustez, neurri hori "astakeria" da, eta, beraz, EAEn ez ezartzea erabaki du.