Krisi Ekonomikoa -
Iragarpena
2014an 6.000 lanpostu galduko dira EAEn
Eusko Jaurlaritzak aurreratu duenez, hazkundea % 1 ingurukoa izango da, txikiegia lanpostuak sortzeko.
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Publikoen sailburuak iragarri du 2014an beste 6.000 lanpostu galduko direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta hazkundea % 1 ingurukoa izango denez, lanposturik ez dela sortuko.
Gatzagaetxebarriak azaldu duenez, EAJk eta PSE-EEk izenpetutako akordioak ez du diru-sarreretan eraginik izango 2015 arte, eta ordura arte "ez da beste ekimen batzuk aurrera eramateko aukerarik izango", aurrekontuei erreferentzia eginez.
"Aurrekontu murritza dugu, atzeraldi betean. Egoera honetan ezin dira zerga erreforma batekin galdutako baliabide guztiak berreskuratu", azpimarratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Gatzagaetxebarriak gogorarazi duenez, zerga erreformak batzar nagusietan aurrera egin dezan, beste alderdi batzuek bat egin behar dute, eta elkarrizketarako deia egin du, "desadostasunak ñabardurak" direlakoan.