Krisi Ekonomikoa -
Langabezia
Euskal sindikatuek lan erreformari egotzi diote langabeziaren igoera
ELA, LAB, CCOO eta UGT-Euskadi sindikatuen aburuz, abuztuan Euskadin izan den langabezia igoera 'erabateko porrota' den lan erreformaren ondorio da.
Erredakzioa
ELA, LAB, CCOO eta UGT-Euskadi sindikatuek gaur argitaratu diren langabezia datuen inguruan irakurketa egin dute. Datu horien arabera, langabeziak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan abuztuan. Uztailarekin alderatuz, 1.541 langabetu gehiago daude. Lau sindikatuen ustez, igoera 'erabateko porrota' den lan erreformaren ondorioa da, eta 'jada larria den egoera okertu egiten du'.
ELA sindikatuak kaleratu duen ohar batean 'jada larriak diren egoerak okertu besterik egiten ez dituen murrizketak eta erreformak amaitzea' eskatu du. Euskadiko sindikatu nagusiak dionez, 'gure eskubide sozialen aurkako erasoen aurrean, inoiz baino beharrezkoagoak dira gizarte mobilizazioa eta enpresetan antolaketa'.
LABek dionez, datu hauek atzeralditik ez garela atera erakusten dute eta 'epe motzera ez dago susperraldi ekonomikoa erakusten duen elementurik'. Sindikatuak dionez, 'txirotasunera garamatzan prozesua ez da oraindik amaitu'. Egoera horren aurrean, 'gizarte eragile eta sindikatuen arteko indarrak batzea' proposatu du.
CCOO Euskadik, berriz, 'iraintzat' jo ditu Espainiako gobernuak atzeraldia amaitu dela esanaz egin dituen adierazpenak. 'Ezin daiteke esan atzeraldia amaitu dela enpleguaren sorrera erakusten duten daturik ez dagoenean', azpimarratu du ohar batean. Sindikatuak dio azken hilabeteetan langabezia datua jaitsi izana 'ilusio bat izan dela, momentuko kontratuek, batez ere zerbitzuen arloan, eragindako ilusioa'. 'Langabezia igo izana lan erreforma erabateko porrota da', gaineratu du eta egoera hau berehala amaitu behar dela azpimarratu du.
UGT-Euskadirentzat 'kezkagarria' da kontratazioak jaitsi izana eta prekarietate altua, eta beharrezkotzat jo du Eusko Jaurlaritza 'enpleguaren alde lanean hastea'. 'Prekarietatearen aldeko apostu honek, erabat ezegonkorra den gizarte bat erakusten digu, eta horren eraginez ekonomia ezegonkortzen da', adierazi du ohar batean.