Krisi Ekonomikoa -
40.000 kaltedun
Mendeko ekarpenekin iruzur egin ez zutela diote Eroskik eta Fagorrek
Bi konpainietako ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko batzordean, finantza-ekarpenen salmentak sortutako egoera azaltzeko.
Erredakzioa
Mendeko finantza-ekarpenen salmentan iruzurrik egin ez dutela adierazi dute gaur Eroski eta Fagor kooperatibek. Gordailuen likidezia eskatzen duten inbertitzaileentzat irtenbide bat bilatzeko prest agertu dira biak, baina ez dute ezer zehaztu.
Bi konpainietako ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko batzordean, finantza-ekarpenen salmentak sortutako egoera azaltzeko.
Bi enpresetako zuzendaritzek prozesu guztia legezkoa izan dela esan dute, baina kaltedunen egoerarekin eroso ez daudela erantsi dute. Horregatik, alde guztientzat bidezko konponbide bat bilatzeko prest azaldu dira.
Bi kooperatibek produktuaren jaulkitzaileak izan zirela onartu dute, baina salmentaren arduradunak, bezeroekin harremana izan zutenak, bankuak izan zirela gogorarazi dute. Eroskik eta Fagorrek ez dituzte bezeroak ezagutzen.
Mendeko finantza-ekarpenen gatazka konpontzeko borondatea azaldu du Eroski Taldeak, betiere enpresarentzat "bidezkoa" den irtenbide "bideragarria" adosten baldin bada. Taldeak "iruzurrik egin ez" zuela azaldu du Eroskik; izan ere, operazioak Euskadiko Kooperatiben Legeak jasotzen ditu, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak onartu zituen.
Rosa Maria Carabel Eroski Taldeko zuzendariak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean, PSEk eskatuta, mendeko finantza-ekarpenen inguruan azalpenak emateko. 660 milioi euro saldu zituen konpainiak ekarpenetan, 2002an, 2003an, 2004an eta 2007an.
Finantza-produktuaren 40.000 kaltedun zenbatu dituzte kontsumo elkarteek. Bezeroek informazio "engainagarria" jaso zutela salatu dute elkarteek; izan ere, bezeroen aurrezkiak "bahituta" daude.
Mendeko finantza-ekarpenak Euskadiko Kooperatiben Legeak jasotzen dituela adierazi du Carabelek. Bestalde, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak onartu dituela gogorarazi du. "Eroskik beharrezko eta eskatutako guztia egin zuen inbertitzaileek erabakitzeko informazioa izateko", azpimarratu duenez.