Krisi Ekonomikoa -
Aditu taldearen ondorioak
Pentsioak sistemaren diru-sarreren arabera igotzea proposatu dute
Aurrerantzean, pentsioak inflazioaren arabera ez berrikustea proposatzen dute. Halaber, proposatutako aldaketak lehenbailehen egitea eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Hamabi laguneko aditu taldeak pentsio sistemaren bideragarritasunari buruzko txostena aurkeztu dio gaur Espainiako Gobernuari. Dokumentu horretan hainbat gomendio eta ondorio bildu dituzte. Besteak beste, pentsioen igoera egiterakoan, gizarte segurantzak dituen diru-sarrerak eta pentsiodunen kopurua kontuan hartzea proposatzen dute. Hala, diru-sarreren zenbatekoa pentsiodunen hazkundea baino handiagoa balitz, soilik, igoko lirateke pentsioak.
Pentsioen igoera irizpide berri horren arabera kalkulatzea proposatzen dute.Aurrerantzean, beraz, pentsioak ez dituzte inflazioaren arabera berrikusiko.
Azaldu dutenez, salbuespen egoeretan soilik, krisi ekonomikoak kasu, izoztu beharko lirateke pentsioak. Gainerakoan, pentsio nominalak hazi egingo liratekeela aurreikusi dute, eta baita benetako pentsioak ere.
Pentsio sistema jasangarria izan dadin, mekanismo automatiko bikoitza martxan jartzea proposatuko du aipaturiko taldeak, bi erabaki nagusirekin. Alde batetik, aurretik aipatu bezala, pentsioak igo aurretik gizarte segurantzako diru-funtsari erreparatzea proposatzen dute. Hala, esan bezala, diru-sarrerak igoko balira soilik, haziko lirateke pentsioak. Bestalde, krisi garaietan, pentsioak jaitsiko lirateke. Bigarrenik, pentsioen zenbatekoa ezartzerakoan jubilatuen bizi-itxaropena kontuan hartzea eskatuko dute.
Aldaketak egungo pentsiodunei aplikatzea eskatzen dute, 2014 eta 2019 artean. Horien iritziz, kaltedunen kopurua "txiki samarra" izango da urtero. Adituen arabera, hasierako pentsioaren zenbatekoa % 5 murriztuko da, hamar urtetik behin; izan ere, "bizi itxaropena hazten ari denez, pentsioa denbora luzeagoan jasoko dute pentsiodunek".
Bestalde, "lasaitasun eta segurtasun" mezua bidali nahi izan diete herritarrei.
Aditu taldeak txostena aurkeztu dio Espainiako Gobernuari, eta, ondoren, prentsaurrekoa eskaini du Rafael Domenech hamabi aditu talde horretako kideetako batek. Horren arabera, "pentsioek ez dute nahikoa izateari utziko".
Pentsioen erreformari buruzko azken erabakia politikariei dagokie, adituen arabera. Hala ere, proposatutako aldaketak lehenbailehen, 2019a baino lehen, egitea aholkatzen dute.
Aditu taldeak behin-betiko txostena onartu du
Hamabi laguneko aditu taldeak behin betiko txostena onartu du. Bozketan, aldeko hamar boto, kontrako boto bat, abstentzio bat izan dira.
Santos Ruesga Ekonomia Aplikatuko katedratikoak txostenaren kontrako botoa eman du, eta Jose Luis Tortuero Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedradunak, abstentziora jo du. Biek boto partikularra eman dute, eta hirugarren batek, Miguel Angel Garcia Diazek, ere gauza bera egin du.
Miguel Angel Garciak kazetarien aurrean hitz egin du, eta haren boto partikularraren zergatia azaldu du. Aldaketak 2019ra arte martxan ez jartzea eskatzen zuen adituak.