Krisi Ekonomikoa -

Defizit helburu berriak

Zer ekarriko du Espainiaren defizit helburua malgutzeak?

Espainiako Gobernuak aurreikusitakoa baino murrizketa gutxiago egin beharko ditu: 3.000 milioi euro, hasiera bateko 18.000 milioiak izan beharrean.

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak defizit helburu berriak baieztatuko dizkio gaur Espainiako Gobernuari. Gainera, hori zer preziotan, hau da, trukean zer erreforma agindituko dizkion ere argituko du Bruselak.

Batzordeak bi urte gehiago emango dizkio Espainiari, defizita BPGaren % 3ra jaisteko. Helburu berriak hauek izango dira: % 6,3 aurten, % 5,5 datorren urtean, % 4,1 2015. urtean eta % 2,7 2016an.

Hasiera batean, aurtengo defizit helburua % 4,5ekoa zen. Beraz, orain % 6,3koa izateak Mariano Rajoyren Gobernuaren gastu ahalmena handitzea ekarriko du. Beste modu batean esanda, lehen, Exekutiboak 18.000 milioi euroko murrizketak egin behar zituen, baina, azkenean, 3.000 milioi eurokoak egin beharko ditu.

Juan Carlos Martinez Lazaro IE Business School institutuko irakasleak Radio Euskadin azaldu duenez, defizit helburua malgutzea "albiste ona da, arnasa delako". Izan ere, horren hitzetan, "ia ezinezkoa zen hasiera batean 2014. urterako ezarrita zegoen % 3a betetzea".

Nolanahi ere, administrazio guztiek defizita murriztea beharrezkoa dela nabarmendu du adituak: "Iaz, 100.000 milioi euro eskatu behar izan genituen, mailegutan;aurten 65.000 milioi inguru izango dira, eta horrela urtero. Hori geuk ordaindu beharko dugu, baina seme-alabek eta ilobek ere".

"Aurten, 38.000 milioi euro ordainduko ditugu, zorraren interesetan", ohartarazi du.

Eta Euskadin, zer?

Espainiako Gobernuak defizit helburu berrien baieztapena jaso eta gero, erkidegoei ere defizit helburuak malgutzea erabaki beharko du.

Orain, erkidegoek BPGaren % 0,7 dute helburu. Euskadiren kasuan, helburua igotzen den hamarren bakoitzeko, 66 milioi euro gehiago izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Hau da, EAEk defizita % 1era igotzeko baimena jasoko balu, Aurrekontuetan aurreikusita ez zeuden beste 200 milioi euro izango lituzke.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 180 milioi euro gehiago gastatu ahal izango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea