Krisi Ekonomikoa -
2012ko datuen arabera
Bost pertsonatatik bat pobrezia egoeran edo mugan dago Gipuzkoan
120.000 pertsona pobrezia arriskuan daude Gipuzkoan eta 30.000tik gora dira pobrezia larria dutenak.
Erredakzioa
30.000 gipuzkoarretik gora dira pobrezia larria dutenak, populazioaren % 4,3. Hauek hilean 561,7 euro baino gutxiagorekin ateratzen dira aurrera. Gainera, beste 120.000 pertsona pobrezia arriskuan daude (%16,8); hilean 842,5 eurotik beherako diru sarrerak dituzte. Datu horiek kontuan hartuta, bost pertsonatatik bat pobrezia larriko egoeran edo arriskuan dago. Hori dio Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Bazterketari buruzko inkestak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz lehendabizikoz 2012an egindako estudioak.
SIIS Fundazioak gaur aurkeztu dizkio inkestaren datu orokorrak Foru Gobernuko Kontseiluari. Larraitz Ugarte bozeramaileak esan duenez," pobrezia erlatiboaren tasa edo pobrezia arriskua Espainia osoari dagokiona baino %20 gutxiagokoa da, eta Europako Batasunean dagoenaren ia berdina".
Pobrezia pairatzen dutenen profilari dagokionez, Ugartek "gero eta arazo larriagotzat" jo du haur pobrezia edo seme-alabak dituzten familien pobrezia. Funtsean, "enplegua prekariotzearen eraginez" dela esan du; izan ere, lanean ari direnen %7k "enplegu pobrezia" edo "working poor" deiturikoa pairatzen dutela azaldu du. Ordaindutako lana izan arren, beren eta beren familien gastuei aurre egiteko adina diru sarrerarik lortzen ez duten pertsonak dira.
Emakumezkoak eta etorkinak agertzen dira inkesta honetan kaltedun handienak bezala.