Krisi Ekonomikoa -
Astearteko mahai politikoa
Akordioak lortzeko borondate eza kritikatu du Urkulluk
EH Bilduren hitzetan ''zaila izango da mahaia emankorra izatea'', eta PSEk proposamenak aldez aurretik nahi ditu. PPk ''ahalegin berezia'' eskatu die alderdiei eta UPyDk neurri zehatzak eskatu ditu.
Erredakzioa
''Zenbait'' alderdi politikoren jarreran akordioak lortzeko ''borondate eza'' ikusten jarraitzen duela esan du asteazken honetan Iñigo Urkullu lehendakariak. Jarrera horrek, Euskadiren ekonomia berriz suspertzeko ''bide amankomunak'' aurkitzeko ''borondate maila txikia'' dagoela uzten du agerian, lehendakariaren hitzetan.
Asteartean, ''argazkirik gabeko'' bilera politikoa deitu du Urkulluk, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin. Bertan, Euskadiren egoera ekonomikoa aztertu eta erreforma fiskala, iruzurraren aurkako borroka eta administrazioaren murrizketak hartuko dituzte hizpide.
''Zaila izango da mahaia emankorra izatea'', EH Bilduren hitzetan
Laura Mintegi EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, ''zaila izango da mahaia emankorra eta eraginkorra izatea'', aurretik zer landuko den eta proposamen zehatzak zeintzuk diren jakin gabe. Mintegik kritikatu duenez, ''komunikabideen bitartez bakarrik'' jakin dute hiru gai landuko direla.
Proposamenak aldez aurretik izatea espero du PSE-EEk
Jaurlaritzak egin nahi dituen proposamen zehatzak zeintzuk diren jakin eta neurri horiek aztertu ahal izateko, bilera egin aurretik ''eskuan dokumentu bat'' izatea espero dutela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak.
PP: ''Bereizten gaituzten ñabardurak albo batera utzita joango gara bilerara''
Borja Semper PPk Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, ''unearen garrantzia eta bereizten gaituzten ñabardurak albo batera utzita joatea beharrezkoa da'', eta, hala egingo dutela aurreratu du, ''hori baita herritarrek eskatzen digutena''. Ildo horretan, ''egoera ohiz kanpokoa'' dela kontuan izanda ''ahalegin berezia'' egitea eskatu die PPk gainerako alderdiei.
Neurri zehatzak eskatu ditu UPyDk
Bilerara neurri zehatzak eramatea eskatu dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Urkulluri, eta, bilera horretan akordiorik lortzen bada, neurri horiek Legebiltzarrean berretsi beharko direla ohartarazi dio.