Krisi Ekonomikoa -
Jaurlaritza-aldundiak bilera
Jaurlaritza 'pozik' agertu da eta Gipuzkoak 'aurrerapausoa' onartu du
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aldundiek krisiari aurre egiteko plana adosteko bigarren bilera egin dute arratsaldean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza "pozik" azaldu da aldundiekin eta Eudelekin izandako bileraren ostean. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak "aurrerapausoak" onartu ditu, eta "idatziz proposamen bat" luzatu dietela nabarmendu du, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aldundiek krisiari aurre egiteko plana adosteko bigarren bilera egin dute arratsaldean. Iragan asteazkeneko bileraren ostean, gaurko hitzordua polemikak markatu du; izan ere, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adostutakoa kritikatu zuen eta parte-hartzaileek elkarri eraso egin zioten.
Polemikaren ostean Jaurlaritzarekin, aldundiekin eta Eudelekin berriz bildu da. Ricardo Gatzagaetxebarria Hazienda sailburuarekin eta gainerako aldundiekin biltzea erabaki du Gipuzkoak "ardura politiko eta instituzionalagatik".
Horrela, nahiz eta programa kritikatu Gipuzkoa proiektutik kanpo geratzea "baztertu" du Gasteizko Exekutiboak.
Elena Franco Gipuzkoako Hazienda diputatuak "aurrerapausoa" onartu du, Jaurlaritzak proposamen bat idatziz luzatu dielako. Francok ez du testuaren xehetasunik eman, baina gai batzuetan bestetan baino adostasun handiagoa dagoela azaldu du.
Astebete
Orain aldundiek astebeteko epea izango dute proposamena aztertzeko eta ekarpenak egiteko. 180 milioiko funtsa banatzeko eta finantzatzeko irizpideak ezarri behar dituzte. Fondoa Gasteizko Exekutiboak iragarritako enplegua eta susperraldi ekonomikoa sustatzeko planaren parte da.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia funtsetik at geratzea "baztertu" du Gatzagaetxebarriak, ekimenak proiektu estrategikoetan inbertsioak bideratuko dituelako.