Krisi Ekonomikoa -
Erreportajea EITB
1.000 milioi euroko zorra euskal udaletan
Bakio, sei milioi euroko zorrarekin, edo Mutriku, bost milioirekin, kinka larrian dauden udalen adibide dira; larrialdizko neurriak hartzera behartuta daude.
Ainhara Zuazabeitia | Jokin Zubia | eitb.com
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako udalen artean 1.000 milioi euroko zorra zenbatu zen 2012ko amaieran. Egoera berri horren aurrean, krisialdi ekonomikoan, askotariko neurri eta konponbide dago, baina oinarrizkoa da ez dagoena ez gastatzea.
Udal zordunek ez dute erreskate hitza erabili nahi, baina asko egoera ekonomiko larrian daude eta bideragarritasun planak adostu behar izan dituzte diputazioekin aurrera egin ahal izateko.
Bakio
Esaterako, Bakiok 2.500 biztanle eta sei miloi euroko zorra du, hau da, 2.700 euro biztanle bakoitzeko. Aitor Apraiz Bakioko alkateak azaldu duenez, "diru sarrerak joan dira geldotzen baina gastuaren erritmoa mantendu zen. Orduan desoreka hori izan zen eta ezin ordaindu gure hornitzailei ibili ginen".
Orain, murrizketa gogorrak jasaten ari dira bakiotarrak; bi urtetan erdira jaitsi baita aurrekontua eta horren ondorio garbia da kiroldegia itxita dagoela.
Mutriku
Antzeko egoeran da Mutriku, 5.000 biztanle eta bost miloi euroko zorrarekin, zorra estrukturala omen da.
"Gure herrian enpresarik ez daukagu eta hori Udalarentzat eta, ondorioz, herriarentzat diru iturri falta izugarria da", azaldu du Joseba Palenzuela herriko alkateak.
Udalak eskuratzen dituen diru sarreren % 20 zorra pagatzeko da. Hori bai, urte betean % 118tik % 106ra jaitsi du Mutrikuk bere zorra, gastuak egokituta, zergak igota eta inbertsioak erdira jeitsita. "Mutrikuk etorkizuna badu eta mutrikuarrok etorkizuna badugu", Palenzuelaren esanetan.
Elantxobe
Halere, bestelako egoerak ere badira euskal lurraldean, hala nola, Elantxobe herri bizkaitarrarean. Diru sarrera gutxi dituen arren, ez du zorrik.
"Ez dagoenez dirurik andreen talde bat zera esaten hasi zen: zergatik ez dugu guk egiten geure aldetik?", gaineratu du Koldo Olagibel Elantxobeko alkateak. Izan ere, horrela hasi ziren auzolanean, 2011. urtetik astean birritan geratzen dira herriko bazterrak garbitu eta txukuntzeko.