Krisi Ekonomikoa -
18 eta 29 urte artean
EAEko 10.000 gazte baino gehiago atzerrira joan ziren 2012an
2010ean halako bi joan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik, lana bilatzeko arazoengatik batez ere.
Erredakzioa
EAEko 18 eta 29 urte arteko 10.633 gaztek atzerrira alde egin zuten 2012an arazo desberdinak mediko, baina lana bilatzeko bereziki. Hori horrela, 2010ean baino 4.549 gazte gehiago joan ziren atzerrira, Itsaso Andueza Euskal Gaztediaren Kontseiluko presidenteak jakitera eman duenez.
Anduezak, martxoan izendatu berri dutenak, aurtengo egitasmoa eta iazko memoria aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gaztedia eta Kirola batzordean.
Anduezak azaldu duenez, euskal gaztediaren kezka nagusia enplegua da. Izan ere, haiek dituzten datuen arabera, 18 eta 29 urte arteko gazteen % 27 dago langabezian eta 18 eta 24 urte arteko langileen artean % 68,1ek aldi baterako kontratua dute.
Gainera, 2010ean EAEtik atzerrira joan ziren herritarren artean % 32 ziren 18 eta 29 urte arteko pertsonak, 6.048 hain zuzen ere. Iaz, ordea, 4.549 gazte gehiagok utzi zuten EAE.
Euskal Gaztediaren Kontseiluko presidenteak jakitera eman duenez, "SOS Gazteak Atzerriratuak" izeneko bloga jarriko dute abian "berehala", alde egin duten gazteen iritziak eta esperientziak jasotzeko.
Anduezaren ustez, "ideia ona" da gazteek atzerrira jotzea, baina "behartuta" denean egoera ez omen da berdina. Hori horrela, gazteen esperientziak eta iritziak ezagutu nahi dituzte, txosten bat idazteko.