Krisi Ekonomikoa -
Hilaren 16an sortu zuten
Eragile ekonomikoek bat egin dute Enplegu Mahaiarekin, Nafarroan
Helburua "30-40 eguneko epean" lanpostuak sortzeko plan zehatz bat aurkeztea da.
Erredakzioa
Eragile ekonomikoek eta sozialek bat egin dute gaur Nafarroan Enplegu Mahaiarekin, "30-40 eguneko epean" lanpostuak sortzeko plan zehatz bat aurkeztea helburu.
Gaur lehen aldiz bildu dira eragileak, eta interes alderdikoiak albo batera uztea eskatu dute. Talde parlamentarioen bozeramaileak ados agertu dira.
Enplegua eta ekonomia sustatzeko Mahaia hilaren 16an sortu zuten Nafarroako Parlamentuan, eta une horretan bertan bat egiteko gonbita eman zieten eragileei.
Hain zuzen ere, UPN, PSN, Bildu, Aralar-NaBai, PP eta I-E talde parlamentarioek eta CEN, UGT, CCOO, LAB, ELA, FNMC, ANEL, UAGN, EHNE eta UCAN eragileek osatzen dute foro hau.
Gaurko bilerak ordu eta erdi iraun du, eta kide guztiak izan dira, LABeko ordezkariak izan ezik.
Mahaiaren presidenteak, Juan Jose Lizarbek, azaldu duenez, asmoa ekainaren 10erako esku artean "proposamen zehatzak" izatea da. Horrela, "berehala lanpostuak sortzea ahalbidetuko lukeen plan bat" onartzea dute helburu.
Presidenteak astean behin batzartu nahi du Mahaia, eta ekarpenak kide ez direnek ere egin ahal izango dituztela gaineratu du.