Krisi Ekonomikoa -
M-30
Greba deitu dutenek 'aldaketa sakonak' egiteko eskatu diote Urkulluri
Zerga politikan eta aurrekontuetan moldaketak nahi dituzte, eta baita Euskal Herri osoarentzako 'eskubide sozialen gutuna' ere.
Erredakzioa
Maiatzaren 30eko greba deitu dutenek "aldaketa sakonak" egiteko eskatu diote Iñigo Urkullu lehendakariari. Zehazki, aldaketok zerga politikan eta aurrekontuetan egitea nahi dute. Halaber, Euskal Herriko "eskubide sozialen gutuna" sortzea eskatu dute.
Dozenaka lagun elkartu dira ostiral honetan Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean, "Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herria eredu propio baten alde" lelopean.
Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) eta hainbat gizarte erakundek deitu dute greba, eta mobilizazioekin bat egiteko deia egin dute gaurko agerraldian.
Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektua atzera bota badu ere, ez du aldaketarik egiteko asmorik, eta murrizketak aplikatzen jarraituko du.
Andoni Pangua Berri-Otxoak plataformako bozeramaileak aurrekontu politikan "180 graduko aldaketa" egiteko eskatu du, eta osasun, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte sailek diru gehiago behar dutela aldarrikatu du. Halaber, langabeziari eta pobreziari aurre egiteko, zerga politika aldatu eta iruzurrari aurre egiteko neurriak hartu behar direla azpimarratu du.