Krisi Ekonomikoa -
Maiatzaren 1etik aurrera
EBko herritarren sarrerari mugak ezarriko dizkio Suitzak, urtebetez
Lan egiteko baimenak mugatuko dituzte. Ekialdeko herrialdeetako etorkinek dagoeneko bazituzten mugak, eta, orain, Europar Batasuneko herritar guztiei ezarriko dizkiete.
Erredakzioa
Europar Batasuneko herritar guztiei Suitzan sartzeko mugak ezarriko dizkie bertako Gobernuak, pertsonen joan-etorri askearen gaineko babes klausula abian jarrita.
Gobernuak iragarri duenez, EBko herrialde guztietako pertsonek Suitzan lan egiteko behar dituzten baimenak mugatu egingo dituzte maiatzaren 1etik aurrera, urtebetez.
Ekialdeko herrialdeetako etorkinek dagoneko bazituzten mugak, eta, orain, muga horiek Europar Batasuneko herritar guztiei ezarriko dizkiete. Eskuineko alderdiek azken aldian eskatutako neurria da, Europar Batasuneko etorkinen gorakada dela-eta.
Babes klausula
Pertsonen joan etorri askearen inguruko akordioaren baitan Suitzak Bruselarekin 2002an sinatutako babes klausula oinarri hartuta abiatuko du neurria Gobernuak. Aldebakarreko erabakia da, Suitzak denbora jakin batez har dezakeena.
Horren arabera, une jakin batean etorkinei Suitzan lan egiteko emandako baimenak aurreko hiru urteetan emandakoak baino % 10 gehiago baldin badira babes klausula abiatzeko aukera du Suitzak.
Gobernuak baieztatu duenez, batez besteko hori dagoeneko gainditu dute. ''Suitzak asko erakartzen ditu etorkinak. Bertara datozen atzerriko etorkinen eta Suitzatik atzerrira doazen lagunen arteko aldea 60.000 pertsona baino gehiagokoa da'', azaldu du Gobernuak, ohar batean.
2014a arte bakarrik abiatu ahal izango du babes klausula Suitzak.