Krisi Ekonomikoa -
Espainiako Bankuaren txostena
Espainiako ekonomiak atzeraldian jarraitzen du
Barne eskariaren beherakada da faktore nagusia, eta aurrezteko gaitasun ezak, zorpetze maila altuak eta lan munduko ziurgabetasunak zaildu egiten dute egoera.
Erredakzioa
Espainiako ekonomiak % 0,5eko beherakada jasan zuen lehenengo hiruhilekoan, hau da, 2012ko azken hiruhilekoan baino zerbait gutxiago egin du atzera, orduan % 0,8ko beherakada izan baitzuen, Espainiako Bankuaren azken txosten ekonomikoan agertzen denez.
Erakundearen arabera, Europako finantza merkatuen egoera hobeak eragin du beherakada arintzea, nahiz eta Italian Gobernua osatzeko dauden zailtasunek eta Zipreren erreskatea finantzatzeko arazoek kezka zabaldu duten une batzuetan.
Dena dela, Altxor Publikoa eta sektore pribatua finantzatzeko baldintzetan hobekuntzak antzeman dituela adierazi du Espainiako Bankuak.
Barne eskariaren beherakada da atzeraldiaren faktore nagusia, nahiz eta etxeko kontsumoak aurreko hiruhilekoan baino datu hobea eman eta BEZaren igoeraren eta funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata kentzearen eragina arindu.
Izan ere, familien aurrezteko gaitasun ezak, zorpetze maila altuak eta lan munduko ziurgabetasunak zaildu egiten dute egoera.