Krisi Ekonomikoa -
Europako Batzordea
Baliteke Espainiak bi urte gehiago izatea, defizit helburua betetzeko
Europako Batzordea defizit muga berria ematea aztertzen ari da. Maiatzaren 29a baino lehen jakinaraziko dute behin betiko helburua.
Erredakzioa
Europako Batzordeak beste bi urte eman liezaizkioke Mariano Rajoyren Gobernuari, defizit helburua betetzeko. Izan ere, Eurostatek atzo jakinarazi zuenez, iaz Espainiaren defizita % 10,6koa izan zen (bankuen erreskatea kontuan hartuta), eta, hasiera batean, aurten % 4,5era jaitsi beharko luke.
Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko presidenteak aitortu egin du zorroztasun politikak "amaitu" egin behar direla, politikarien eta herritarren artean babesik ez dutelako, eta hainbat estatu kideri "seguruenik" defizit helburuak malgutuko dizkietela gaineratu du.
Espainiak defizit muga malgutzea lortuko balu, baliteke Rajoyren Exekutiboak erkidegoei ere ematea arnasa. Euskadiren kasuan, defizit helburua malgutzen den hamarren bakoitzeko, Jaurlaritzak 66 milioi euro gehiago izango ditu inbertsioak egiteko.
Eurostatek iazko defizita publikatzea lehen urratsa izan da, Europako Batzordeak muga berriak ezartzeko. Orain, Espainiak % 4,5eko helburua du urte honetarako, eta % 3koa 2014. urterako, baina Rajoyren Gobernuak aurtengo helburu berria % 6koa izatea espero du. % 3ra jaisteko, 2016. urtea arteko epea izango luke.
Helburua ezarri baino lehen, baina, Espainiak fiskalitate mailan zorrotz jokatu ote zuen egiaztatuko du Bruselak, eta badirudi Europak oniritzia emango duela, Olli Rehn presidenteorde ekonomikoak ez baitu murrizketa gehiagorik agindu.
Hurrengo urratsa maiatzaren 3an egingo dute. Egun horretan, Batzordeak udaberriko aurreikuspen ekonomikoak publikatuko ditu, eta Espainiarena esperotakoa baino okerragoa izango dela esango du seguru aski. Horren ildotik, aurten Espainiaren ekonomia % 1,6 jaitsiko dela uste du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF).
Egun horretatik aurrera, Europako Batzordeak defizit helburu berria proposatuko dio Espainiari, aurreikuspenen arabera. Gehienez, maiatzaren 29rako jakingo du Rajoyren Gobernuak zenbatekoa izango den.