Krisi Ekonomikoa -

CISen inkesta

Langabezia eta ustelkeria, Espainiako herritarren kezka nagusiak

Horiek dira inkesta erantzun dutenek aipatu dituzten kezka nagusiak. Klase politikoaren irudiak okerrera egin du eta herritarrak arduratuago daude etxe kaleratzeen inguruan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako herritarrak gero eta kezkatuago daude langabeziarekin eta ustelkeriarekin, eta horiexek dira haien kezka nagusiak, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) martxoan egindako inkestaren ondorioetan agertzen denez.

Martxoaren 1etik 12a artean egindako inkestaren emaitzaren berri eman dute gaur. Horren arabera, inkesta erantzun dutenen % 81,6k langabezia aipatu dute kezka nagusi gisa, % 44,5ek ustelkeria eta % 31,4k arazo ekonomikoak aipatu ditu.

Otsailean % 29,7k aipatzen zuen ustelkeria kezken artean; orain, ordea, % 31,4k, eta etxe kaleratzeen inguruan ere arduratuago dago gizartea, % 3,9tik % 5,5era igo baita arazo gisa aipatzen dutenen kopurua.

Gainera, herritarrak nahiko ezkorrak dira egoera politikoaren eta ekonomikoaren etorkizunaz galdetzen dietenean.

Izan ere, % 68,3k uste dute egoera ekonomikoak okerrera egingo duela otsailean eta % 4,9k soilik pentsatzen du hobekuntzak izango direla. Herritarren laurdenak uste du berdin jarraituko duela ekonomiak datorren urtean.

Gainera, egoera txarra edo oso txarra dela uste du 10etik 9k, eta ia inork ez du esaten erdipurdikoa (% 6,9) edo ona (% 0,3) dela.

Egoera politikoaren etorkizunari buruzko iritzia ere ezkorra da, izan ere, okerrera egingo duela dio % 54,6k (otsailean % 37,9k) eta % 4k bakarrik agertu du baikortasuna (otsailean % 9,7k).

Osasun-zerbitzuari dagokionez, % 10ek aipatzen du kezka gisa, eta % 6,1ek, hezkuntza.

Banketxeak ere badira herritarren kezka iturri eta % 4,6k aipatu du, otsailean (% 5) bezalatsu.

Murrizketak zerrendaren zortzigarren lekuan daude, eta hazi egin da herritarren ardura, % 4,2tik % 4,8ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea