Krisi Ekonomikoa -

Zipre

'Herritarrek bankuekin izandako heldutasuna' eskertu du Anastasiadesek

Murrizketa zorrotz horiek txekeak kobratzea eta egunero 300 euro baino gehiago ateratzea galarazten dute. Gainera, herrialdetik atzerrira 3.000 euro baino gehiago ezin izango dituzte atera.

'Bank of Cyprus'eko sukurtsal bat, Nikosian . EFE
'Bank of Cyprus'eko sukurtsal bat, Nikosian . EFE
Kontrol handiarekin zabaldu dituzte bankuak Zipren

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Korralitoak 13 eguneko iraupena izan du Zipren. Zipretarrek bankuetan dirua eskuratzeko aukera izango dute ostegun eguerditik aurrera. Hala ere, bezeroek murrizketa zorrotzak izango dituzte kapitalen mugimendua mugatzeko.

Adibidez, zipretarrek egunean 300 euro baino gehiago ateratzerik ez dute izango, eta ezin izango dituzte txekeak kobratu. Baina herrialde barruan kreditu-txartelak erabiltzeko murrizketarik ez dute izango; atzerrian, ostera, hilabetero 5.000 euro baino gehiagoko ordainketak egitea debekatuta egongo dira.

Era berean, herrialdetik 3.000 euro baino gehiago ezin izango dituzte atera, ez fisikoki, ezta banku-transferentzia bidez ere. Atzerrian dauden Zipreko funtzionariei eta ikasleei ordaintzeko salbuespenak baimenduko dira (hiruhilabeteko 5.000 euroko mugarekin, eta beti ere senitartekoek bidalita).

Lasaitasunerako deia

Inportazioen fakturak ordaintzeko murrizketarik ez da izango, baina horretarako beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Yangos Dimitriu Zipreko Banku Zentraleko gerenteak lasaitasunerako deia egin du, eta "bankuetara korrika joateko" inongo beharrik ez dagoela adierazi du. "Arazo handirik ez dugu izango, uste dut", esan du.

Presidenteak "herritarren heldutasuna eta lasaitasuna" goraipatu du

Nicos Anastasiades Zipreko presidenteak "herritarrek bankuen berrirekitze egunean erakutsitako heldutasun eta lasaitasuna" goraipatu du.

"Bankuekin edukitako harremanetan izandako heldutasuna eta lasaitasuna eskertu nahi diet zipretarrei", adierazi du Anastasiadesek bere Twitter kontuan.

'Ezohiko adibidea'

Bestalde, Nazioarteko Diru Funtsako Gerry Rice bozeramaileak adierazi duenez, Ziprerentzako onartutako erreskate programa "ezohiko adibidea da, eta oso zaila da gainerako herrialdeetan errepikatzea".

Ricek azaldu duenez, erreskatearen nondik norakoak ari dira Europako bazkideekin eta Funtsarekin zehazten. "Xehetasunak ez dira apirilaren amaiera arte iritsiko", ohartarazi du Ricek.

Dirua ateratzea hilabetez luzatzea aurreikusi dute

Zipreko Gobernuak herrialdetik dirua ateratzea murrizketa hilabetez luzatzea aurreikusi du, hasiera batean, aste bateko epea izango zela esan bazuen ere, Ionannis Kasoulides Zipreko Kanpo Arazoetako ministroak azaldu duenez.

5.000 milioi euro

Bankuei likidezia emateko 5.000 milioi eurorekin kargatutako lau edukiontzi bidali ditu Europako Banku Zentralak. Larnacako aireportura gaur heldu dira eta Zipreko Banku Zentralera segurtasun neurri handien artean eraman dituzte.

Bestalde, argindarraren salneurria % 3 jaitsiko duela iragarri du gaur Zipreko Gobernuak, ekonomia bultzatzeko helburuarekin.

Zipreko Burtsa, berriz ere itxita

Zipreko Burtsa itxita egongo da berriz ere apirilaren 1era arte, Target2 Europako bankuen arteko ordainketak ahalbidetzen dituen sistema ez baita erabilgarri izango data horretara arte.

Zipreko Baloreen Burtsa martxoaren 15ean egon zen azkenengoz zabalik.

Zipreko presidenteak eta ministroek soldatak jaitsi dituzte

Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak eta bere ministro taldeak soldatak % 25 eta % 20 jaistea, hurrenez hurren, adostu dute ostegun honetan, herrialdeko finantza-krisia gainditzen laguntzeko.

"Presidenteak dagoeneko eman zion Estatuko kontularitzari dagokion baimena soldata jaisteko", azaldu du Konstantinos Petridis Presidentetzako idazkariak.

Presidentearen soldata aurreko legealdian 158.551 eurokoa zen urtean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea