Krisi Ekonomikoa -
Polemika
Stop Kaleratzeak Bizkaiak Cifuentes salatuko du, atzera egiten ez badu
Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak adierazi duenez, kaleratzeen kontrako protestariek "ETAren mundukoen protesta egiteko modu berdina dute".
Erredakzioa
Marta Uriarte Bizkaiko Stop Kaleratzeak elkarteko bozeramaileak iragarri du kereila kriminala aurkeztuko dutela Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuaren Madrilgo ordezkariaren kontra, plataforma ETArekin lotuz egin zituen adierazpenak zuzentzen ez baditu.
Gainera, "PPren jarrera ikusita", hemendik aurrera, Stop Kaleratzeak elkarteak "escrache" kanpainarekin bat egingo duela iragarri du. Politikarien etxebizitzen aurrean protesta egiteari deitzen zaio "escrache".
Uriarte eta elkarteko kideak PPren Bilboko egoitzara joan dira gaur Cifuentesi atzera egin dezala exijitzeko idatzi batekin, izan ere, elkarteak "sumindura" agertu du Espainiako Gobernuaren ordezkariaren adierazpenak direla eta.
"Auzitegi Nazionalean jende asko dago Cifuentesek esandakoa baino gutxiago esateagatik", esan du Uriartek, elkarteak indarkeria eta mehatxuak errefusatzen dituela azpimarratu aurretik.
Terrorismoa herritarrak etxetik botatzea dela, eta 400.000 kaleratze direnean, "Estatu terrorismoa" dela salatu du bozeramaileak.
Herrira
Ekitaldian, Uriartek Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren agiri bat irakurri du. Izan ere, plataforma horrek deitu zuen Stop Kaleratzeak Bizkaiak babestu zuen manifestazioa, urtarrilaren 12an, eta horren harira etorri da Cifuentesen salaketa.
Agiri horretan, Herrirak dio presoen eskubideak aldarrikatzea ez dela delitua, eta babesa agertzen die kaleratzeen kontrako elkarteei eta kaleratzeen biktimei.
PAH Bizkaia
Begoña Barrutia PAH (hipotekek kaltetutakoen plataforma) Bizkaiko bozeramaile eta abokatuaren arabera, Cristina Cifuentesentzat "ETAren aldekoa da PPtik kanpo mugitzen den guztia".
Barrutiaren ustez, Cifuentesen adierazpenak "oso gogorrak eta neurriz kanpokoak" izan ziren.
Basagoiti
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak, bestalde, ez omen daki kaleratzeen kontrako plataformak ezker abertzalearekin zerikusirik ote duen, baina kaleratzeen kontrako protestariek "ETAren mundukoen protesta egiteko modu berdina" dutela esan du.
Basagoitik azaldu duenez, urtetan Euskal Herrian ikusi izan duen jazarpen egoera "berdina" ikusi du "PPko buruzagien etxeko atean protesta egiten jartzen diren kaleratzeen kontrako protestarien aldetik".
"Ez dut alderik ikusten ez oihuetan, ez jarreran, ez sakonean", berretsi du.
Cifuentes
Cristina Cifuentesek ere hitz egin du gaur, eta bere salaketa Bizkaiko elkartera mugatzen zela zehaztu du, presoen eskubideen aldeko manifestazioarekin bat egin zuelako.
"Ez dut esaten, eta ez dut pentsatzen, Plataformakoak ETAko kideak direla. Plataformaren barruan dagoen Stop Kaleratzeak elkarteaz ari nintzen", adierazi du Cifuentesek elkarrizketa batean.
Era berean, Gobernuaren ordezkariak protestak alde batera uzteko eta gaitzesteko eskatu dio plataformari, eta "ez dezala Euskal Herrian gertatzen denaren inguruko politikan parte hartu".