Krisi Ekonomikoa -
2013. urterako Aurrekontuak
Jaurlaritzak hartu-emanak areagotuko ditu, Aurrekontuak adosteko
Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, Gobernuak "guztiei" luzatuko die eskua negoziazioan.
Erredakzioa
Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak hartu-emanak areagotuko ditu hurrengo egunetan, Eusko Legebiltzarra 2013. urterako Aurrekontu lege-proiektua izapidetzen hasi arte, gainerako talde parlamentarioekin akordioa lortzen saiatzeko.
Halaber, negoziazioan, Gasteizko Gobernuak "guztiei", EH Bilduri barne, luzatuko diela eskua gaineratu du.
Asteroko Gobernu bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Erkoreka "itxaropentsu" agertu da, eta taldeen jokaera "errealista, eraikitzailea eta orekatua" izatea espero duela nabarmendu du.
Horren ildotik, Exekutiboa alderdien "ekarpenak, ulergarritasuna eta babesa" lortzen saiatuko dela esan du, baina, horretarako, "zehaztasuna" ere eskatu die.
Defizit helburua
Aurtengo defizit helburuari dagokienez, leuntzea "ondo" egongo litzatekeela adierazi du Erkorekak. Hori horrela, iazko berbera (% 1,5) izatea proposatu du, zorpetzeko ahalmena bi aldiz handiagoa izango litzatekeelako.
Bozeramailearen esanetan, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak oraindik ez dute datarik jarri Kontzertuaren batzorde mistoa biltzeko.
Nolanahi ere, bilera horretara defizit helburua "leuntzeko" "proposamen zehatza" eramango dutela aurreratu du.
Bake lantaldea
Bestalde, apirilaren 11n EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean bake eta bizikidetza lantaldea sortuko balute, "aurrekaririk gabeko lorpena" izango litzatekeela uste du Erkorekak.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak lantaldea "babestu eta txalotu" egingo lukeela azpimarratu du.