Krisi Ekonomikoa -
Krisia eurogunean
Eurotaldeak alarma sortu du, Zipreko eredua 'esportatzea' mehatxatuta
Hitzok merkatuetan sortu duten beldurra ikusita, Eurotaldea atzera egiten saiatu da, baina berandu.
Erredakzioa
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak alarma sortu du merkatuetan, Zipreko erreskatearen eredua (korralitoa ezarri dute Europar Batasunean lehenengoz, eta bankuan dirua dutenei zati bat kentzea eta herrialdeko finantza erakunde handienetako bat ixtea ekarri du horrek) beste hainbat herrialdetan ere ezar daitekeela iragarri baitu.
Hitzen oihartzuna ikusita atzera egiten saiatu bada ere (gerora, Zipre kasu "bakana" dela esan du), merkatuetan beldurra zabaldu da, eta burtsek galera handiak izan dituzte, Atlantikoaren bi aldeetan.
Jaitsiera handienak Milango burtsan jazo dira: % 2,5 egin du behera astelehen honetan. Espainian, Ibex 35ek urteko laugarren jaitsiera handiena izan du, % 2,2koa.
Gainera, Espainiako arrisku saria sei puntu igo da, 362 arte, eta 10 urterako bonuaren errentagarritasuna % 5era gerturatu da.
Korralitoa, osteguna arte
Bestalde, Zipreko bankuak ostegunean irekiko dituzte azkenean, gaur egitea aurreikusita bazegoen ere, Zipreko Banku Zentralak iragarri duenez.
Hasiera batean, Zipreko Bankua eta Laiki Bank (herrialdeko bi banku nagusiak) izan ezik, gainerako finantza erakundeak gaur irekitzea agindu zuten. Azkenean, baina, ez dute bat ere irekiko gaur, eta denek ostegunean egingo dute.
Honelakoa da erreskatea
Azkenean, Nikosiak babestu egingo ditu aurreztaile txikiak, baina bankuan 100.000 euro baino gehiago dituztenei aurrezkien zati bat kenduko diete. Oraingoz, baina, ez dute zehaztu zenbat.
Eurotaldeko presidenteak azaldu duenez, Laiki bankua likidatu egingo dute, "akziodunen, bonuen hartzekodunen eta 100.000 eurotik gora dituztenen laguntzarekin".
Hain zuzen ere, bankua bitan zatituko dute: 100.000 eurotik beherako kontu korronteekin eta kalitate oneko aktiboekin 'banku on' bat sortuko dute, eta Zipreko Bankuan (herrialdeko banku nagusia) integratuko dute, eta 100.000 eurotik gorako kontu korronteekin eta zorrekin 'banku txar' bat sortuko dute. Azken hori likidatu egingo dute. Neurri horiekin, 4.200 milioi euro lortuko ditu Gobernuak.
Gainerako bankuetan, 100.000 eurotik gorako kontu korronteak izoztu egingo dituzte, zenbat diru kenduko dieten adostu arte.