Krisi Ekonomikoa -

Krisia eurogunean

Ziprek porrota saihestu du, erreskate zorrotza adostuta

Nikosiak herrialdeko bigarren bankua likidatuko du. Putinek, berriz, Errusiak 2011n Nikosiari emamdako maileguaren baldintzak berrikusteko eskatu du.

Manifestari bat Europar Batasunaren bandera erretzen, Zipreko Parlamentuaren aurrean. EFE
Manifestari bat Europar Batasunaren bandera erretzen, Zipreko Parlamentuaren aurrean. EFE
10 orduko bilera baten ostean, Eurotaldeak eta Zipreko Gobernuak akordioa lortu dute

2:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ziprek porrota saihestu du, euroguneko ordezkariekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) erreskate zorrotza adostuta.

Azkenean, Nikosiak babestu egingo ditu aurreztaile txikiak, baina bankuan 100.000 euro baino gehiago dituztenei aurrezkien zati bat kenduko diete. Oraingoz, baina, ez dute zehaztu zenbat.

Gainera, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak azaldu duenez, Laiki bankua (herrialdeko bigarren handiena) likidatu egingo dute, "akziodunen, bonuen hartzekodunen eta 100.000 eurotik gora dituztenen laguntzarekin".

Hain zuzen ere, bankua bitan zatituko dute: 100.000 eurotik beherako kontu korronteekin eta kalitate oneko aktiboekin 'banku on' bat sortuko dute, eta Zipreko Bankuan (herrialdeko banku nagusia) integratuko dute, eta 100.000 eurotik gorako kontu korronteekin eta zorrekin 'banku txar' bat sortuko dute. Azken hori likidatu egingo dute. Neurri horiekin, 4.200 milioi euro lortuko ditu Gobernuak.

Gainerako bankuetan, 100.000 eurotik gorako kontu korronteak izoztu egingo dituzte, zenbat diru kenduko dieten adostu arte.

Bien bitartean, euroguneak mugak jarriko ditu Zipreko kapitalen mugimenduan, "aldi baterako".

Herrialdeko korralitoa astearte honetan bukatzekoa da, baina troikak eta Gobernuak luzatuko ote duten aztertuko dute gaur.

Europako Banku Zentralak (EBZ) bihar arteko epea eman zion Zipreko Gobernuari erreskatea onartzeko. Hala egin ezean, eten egingo zion likidezia, eta horrek herrialdearen porrota ekarriko zuen.

Hori horrela, "Zipreko herriaren eta Europar Batasunaren interesen araberakoa den akordioa lortu dugu", iragarri du gaur goizaldean Nikos Anastasiadis herrialdeko presidenteak, Jose Manuel Durao Barroso eta Herman Van Rompuy Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko presidenteekin 12 orduz negoziatu eta gero. Christine Lagardek (NDF) eta Mario Draghik (EBZ) ere hartu dute parte.

Negoziazioetan, Anastasiadisek dimisio mehatxua egin zuen, Eurotaldeak inposatutako baldintzak leuntzeko helburuz.

Putinek Zipreren zorra berregituratzeko eskatu dio Gobernuari

Vladimir Putin Errusiako presidenteak 2011n Errusiak Zipreri emandako 2.500 milioi euroko maileaguaren baldintzak berrikusteko eskatu dio Gobernuari,  hala iragarri du Dmitry Peskov Kremlineko bozeramaileak.

Iragarpen honek Errusiak Zipreko Gobernuak eta Europar Batasunak goizaldean adostutako erreskatea babestea ekarriko du.

Errusiak Zipreri emandako 2.500 milioi euroko maileguaren epemuga lutzatzeko eskatu zuen Nikosiak, baita mailegu horren gaineko % 4,5eko interesak jaistea ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea