Krisi Ekonomikoa -
Zipreren egoera
Zipreren erreskatearen inguruko negoziazio korapilatsuak
Zipreko komunikabideen arabera, Anastasiadesek dimisioa emateko mehatxu egin die troikako ordezkariei.
Erredakzioa
Zipreren finantzen etorkizunaren inguruko negoziazio korapilatsuak hiru aldeko fasera itzuli dira. Era honetan, Nikos Anastasiadis Zipreko presidentea Batzordeko eta Europako Kontseiluko presidenteekin bildu da berriro.
Troikarekin (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) negoziatu ostean, Zipreko presidentea Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko presidentearekin eta Herman Van Rompuy Kontseilukoarekin bildu da, troikarekin berriro bildu aurretik akordiora iritseko formula bila.
Hiru aldeko fasearen helburua Finantza ministroei akordioa oso aurreratua aurkeztea da, zehaztasun teknikoak leuntzeko.
Erreskatearen inguruko akordioa itxi behar duen Eurogunearen bilera hiru orduko atzerapenarekin hasi da.
Zipreko CNA agentziaren arabera, Anastasiadesek dimisioa emateko mehatxu egin die troikako ordezkariei, Nazioarteko Diru Funtsaren jarrera zorrotzarengatik. "Zer gehiago nahi duzue? Proposamen bat aurkeztu dut eta ez didazue onartu, beste bat aurkeztu dut eta gauza bera gertatzen da. Dimisioa ematea nahi duzue? Hori nahi baduzue, esadazue", esan die.
NDFak Zipreren Bankua (herrialdeko handiena) desegitea exijitzen omen du eta hori omen da azken oztopo nagusia, bertako komunikabideen arabera. Zipreko agintariek Laiki bigarren banketxea likidatzea eta Zipreko Bankuko gordailu handiei % 20ko zergak jartzea onartu dute jada.
Euroa duten 17 herrialdeetako Finantza ministroek akordio "eztabaidaezin eta irmora" iristeko beharra azpimarratu dute Bruselara iritsitakoan, moneta batasun osoaren egonkortasuna arriskuan dagoelako.
Finantza ministroen bileran eztabaida luzea aurreikusi dute, astelehena baino lehen premiazko programa itxita utzi behar delako.
Troikarekin bilera
Troikak eta Ziprek ezin izan dute azkenean akordiorik lotu, larunbat honetan orduz batzartuta egon ostean, Nazioarteko Diru Funtsak eskatutako baldintza berriak direla eta. "Egoera oso zaila da eta negoziatzeko tarteak, berriz, oso txikiak", aitortu du ohar baten bidez Jristos Stilianidis Zipreko Gobernuko bozeramaileak.
Mailegua negoziatzea
Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen duten troikak larunbat osoa eman zuten Zipreko Gobernuarekin bilduta. Egunaren amaieran akordiorik lotu ez zutela zabaldu zuten.
Zurrumurruak
Hainbat informazioen arabera, 100.000 eurotik gorako gordailuei % 20ko zerga ezartzea adostu omen zuten, eta % 4ko zerga gainerako aurrezkiei. Hala ere, informazio hori errefusatu dute.
Zipreko Bankuari ezarri nahi dioten zerga altu honek finantza-erakunde hau berrantolatu behar izatea ekidin nahi du.
Egunean 100 euro ateratzeko muga
Zipreko Banku Zentralak egunean 100 euro atera ahal izateko muga jarri du herrialdeko kutxazain automatikoetan, "gordailuen ihesa" ekiditeko.
Laiki Banken bozeramaile batek esan duenez, aurretik 260 euroko muga ezarri zuten, eta muga berria eguerdian sartu da indarrean.