Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa
Confebask: 'Gastu sozialak gehiegizko pisua du aurrekontuetan'
Ekonomia indartzeko neurrietan enfasi gutxiegi jartzea kritikatu du Nuria Lopez de Guereñuk.
Erredakzioa
Nuria Lopez de Guereñu Confebaskeko idazkari nagusiak asteazken honetan esan duenez, gastu sozialak eta zerbitzu publikoek "gehiegizko pisua" dute Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan. Halaber, ekonomia indartzeko neurrietan enfasi gutxiegi jartzea salatu du.
"Inbertsioa lehenetsi behar da gastuaren aurrean; Jaurlaritzak, ordea, enplegua sustatzeko ekimenak murriztu ditu", adierazi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, aurrekontuak murriztaileak dira. Iñigo Urkulluk aste honetan aurkeztu duen Enplegu Sustatzeko Programaren arabera, 42.000 lanpostu sortuko dira. Horren gainean ez du iritzirik eman nahi izan: "Plana aztertuko dugu lehendabizi, eta gero baloratuko dugu aurreikuspena zentzuzkoa den ala ez".
Bestalde, enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko programa begi onez hartu du Confebaskeko idazkari nagusiak. 300 milioi euro jarriko dituzte enpresen eskura eta hori berri ona da, Guereñuren ustez. Laster egingo dute deialdia, eta "horrelako neurriekin lortuko dugu ekonomia suspertzea".
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) funtsak erabiltzea proposatu zuen Confebaskek ekonomia suspertzeko, eta dirua herrialdeko ekonomian inbertitzea da gakoa, Guereñuren esanetan, "oso ondo ezagutzen ez ditugun beste toki batzuetan inbertitu beharrean". Funtsak 20.000 milioi euro inguru bideratuko ditu horretara, gaineratu du.