Krisi Ekonomikoa -

Enplegu Plana

Jaurlaritzak 300 milioi euroko lehen deialdi bat iragarri du ETEentzat

Horrez gain, nahi duten Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) parte hartu ahal izango dutela aurreratu dute.

Ricardo Gatzagaetxebarria. EiTB.
Ricardo Gatzagaetxebarria. EiTB.
Enpresa txiki eta ertainek badituzte eskuragarri iragarritako laguntzak

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak finantzatzeko, 300 milioi euroko lehenengo deialdi bat egingo dutela iragarri du gaur Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak. Aurten funts horretara 600 milioi euro bideratzea aurreikusi du Jaurlaritzak.

Horrez gain, hala erabakitzen duten Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) parte hartu ahal izango dutela aurreratu du. Gatzagaetxebarriaren hitzetan, "zenbait BGAEk" parte hartzeko asmoa agertu dute dagoeneko.

Confebaskek proposatu zuen BGAEk funts horretan laguntzea, eta hala jaso zuen Jaurlaritzak. Erakunde horiek 19.000 milioi eurotik gora kudeatzen dituzte, Euskadiren Barne Produktu Gordinaren % 30 inguru; beraz, % 10 bideratuta, 2.000 milioi euroko funtsa lor lezakete, enpresen erakundearen ordezkarien arabera.

Gobernu bileraren ondorengo agerraldian Gatzagaetxebarriak azaldu duenez, enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak finantzatzeko egitasmoa "enplegua eta ekonomia suspertzeko" Jaurlaritzak hartutako "konpromisoaren" baitan dago.

Gogoratu duenez, Euskal Autonomoa Erkidegoko ETE askok "finantziazio arazoak" izan dituzte, nahiz eta bideragarriak izan.

Egoera horri heltzeko, astelehenean Urkullu lehendakariak aurkeztutako Enplegu Planaren "oinarrietako" bat garatuko dute. Programa horren bitartez, enpresa horiek "egunero funtzionatzeko" behar dutena ordaindu ahal izango dute, baita epe laburrerako zorra berritu, eta epe ertain edo luzerako zor bihurtu ere.

Maileguen interes tasa euriborra gehi % 3,5ekoa izango da, eta enpresek hiru, bost edo zazpi urteko epeak ezarriko dituzte, "enpresaburuak, autonomoak edo profesionalak aukeratzen duenaren arabera".

Jaurlaritzak egingo duen aurreneko deialdian, 300 milioi euro bideratuko dituzte, funts horretako kopuru osoaren erdia.  280 milioi ETEei emango dizkiete, eta gainerako 20ak autonomoei.

"Jaurlaritzak, salbuespen gisa, mekanismo hau ezartzea erabaki du, egoera berezi horri aurre egiteko; batetik, kolektibo horien finantza-beharrei erantzuteko eta oztopoak arintzeko eta, bestetik, zailtasun handiagoa duten talde horiek gure lurraldean garrantzi handia dutelako", esan du Gatzagaetxebarriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea