Krisi Ekonomikoa -

2013ko Aurrekontuak

'Ordezkorik ez duen aurrekontu soziala' da, Urkulluren esanetan

Hori dela eta, lehendakariak "errealistak" izateko deia egin die oposizioko alderdiei: "Oinarrizko eskubideen eta Euskadiren etorkizuna bermatzen ari gara".

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Urkulluk Aurrekontuen lege aurreproiektua aurkeztu du

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "errealistak" izateko deia egin die oposizioko alderdi politikoei eta Jaurlaritzak prestatu dituen Aurrekontuak onartzeko eskatu die, aurrekontu "sozialak, beharrezkoak eta ezinbestekoak" direlako, eta ordezkorik ez dutela iritzita.

Urkulluk agerraldia egin du Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasun eta Finantza sailburuarekin batera Jaurlaritzak onartu duen 9.316,7 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkezteko.

Lehendakariak azaldu duenez, "ez da lan erraza izan" aurrekontuen proiektua osatzea, diru-sarrerak murriztu direlako eta % 0,7ko defizit muga dutelako.

Era berean, Jaurlaritzan "beste edonork aginduta ere" gasturako baliabide berberak, "ez gehiago ez gutxiago", izango lituzkeela azpimarratu du.

Hori horrela, eta Jaurlaritzak eskura duen dirua soilik gastatuko duela zehaztu ondoren, lehentasuna osasun, hezkuntza eta babes sozialeko oinarrizko zerbitzuak bermatzea izango dela azpimarratu du, eta horretarako, beste alor batzuetan "sakrifizioak" egin behar izan dituztela.

"Euskadiren etorkizuna bermatzen"

"Urte gogorra eta mingarria izango da. Horri esker oinarrizko zerbitzu publikoen eta Euskadiren etorkizuna bermatzen ari gara. Aurrekontu hau beharrezkoa da. Ezinbestekoa esango nuke. 2013 zail hau igaroko dugu eta argia bilatuko dugu 2014an", ohartarazi du.

Era berean, Aurrekontuak Legebiltzarraren oniritzia jaso dezan ahal duen guztia egingo duela hitzeman du lehendakariak. Ostegunean eramango dute proiektua Gasteizko Ganberara eta oraingoz ez dute babes nahikorik aurrera ateratzeko.

Horren harira, oposizioko alderdiei aurrekontu hobeak badituzte aurkezteko deia egin die, nahiz eta pentsatu "ordezkorik ez duen aurrekontu soziala" dela aurkeztu dutena.

Normalean sailburuek egiten badute ere, Urkulluk azaldu nahi izan du Eusko Jaurlaritzaren 2013rako Aurrekontu proiektua, izan ere, "egoera zail eta larrietan, gizarteak agintari politiko gorenen azalpen zuzenak merezi dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea