Krisi Ekonomikoa -
Balizko murrizketak
Jaurlaritzak 'aurrean' izango ditu Osakidetzeko langileak
Osakidetzako langileek ez dute greba egitea baztertu. Elkarretaratzea egin dute gaur, Donostia Ospitalean.
Erredakzioa
Osakidetzako langileen biltzarrak Eusko Jaurlaritzaren balizko murrizketen aurka borrokatuko duela iragarri du gaur. Langileek ez dute etorkizunean greba egitea baztertu.
Donostia Ospitalean egin duten elkarretaratzean, Lurdes Barragan biltzarreko bozeramaileak iruzkin bat irakurri du, Jaurlaritzak Osakidetzeko langileak "aurrean" izango dituela ohartaraziz.
Funtzionarioen lanaldia luzatu ondoren, Jaurlaritzak lanpostuak suntsitzen baditu, langileak aurrean izango dituela azpimarratu dute.
Lanaldia luzatzeak "albo kalteak" ekarriko dituela iragarri zuen asteartean Erkoreka bozeramaileak. "Albo kate horiek izen-abizenak dituzte, Osakidetzeko 4.000 ebentualenak alegia".
"Gatazka armatuetan erabilitako hitzak erabili zituen Erkorekak", adierazi dute langileek. Zentzu horretan, euren lanpostuak, Osasun sistema eta "gure herriaren etorkizuna" defendatzeko borrokatuko dutela nabarmendu dute.
Datorren asteartean, hilak 12, elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarrean (egun horretan EAEko Aurrekontuak eztabaidatuko dituzte). Horrez gain, UPyDko ordezkariekin bilera egingo dute Osakidetzeko langileek.