Krisi Ekonomikoa -
Langabezia datuak
EAEn unibertsitate ikasketak dituzten emakumeen %35ek ez dute lanik
Lehen Hezkuntzako ikasketak dituztenen artean langabezia %0,9koa da. Espainian alderantzizkoa gertatzen da, eta krisi ekonomikoak kualifikazio gutxien dutenei eragin die batez ere.
Erredakzioa
Unibertsitate ikasketak dituzten EAEko emakumeen %35,6 lanik gabe daude, eta Lehen Hezkuntzako ikasketak dituztenen artean langabezia %0,9koa da.
Adecco enpresak Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, emakume langilearen profilari buruzko txostena egin du, eta bertan irakur daitezke goian aipaturiko datu horiek.
Espainian bestalde, alderantzizkoa gertatzen da, eta krisi ekonomikoak kualifikazio gutxien dutenei eragiten die batez ere.
Unibertsitate ikasketak dituzten emakumeen artean langabezia % 2,5 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, eta horien artean langabezia tasa % 35,6koa da orain. Bigarren Hezkuntzako ikasketak dituzten emakumeen % 30,4 lanik gabe daude. Oro har, emakumeen %16,16k ez dute lanik.
Adinari erreparatuta, langabezia tasa oso ezberdina da: 16 eta 19 urte bitarteko gazteen %81,95ek ez dute lanik, 20 eta 24 urte bitarteko gazteen % 39,75 lanik gabe daude, 25etik 54era bitartekoen %15,29 langabezian daude, eta azkenik, 55etik gorako emakumeen % 9,56 daude lanik gabe.
Txostenean irakur daitekeenez, 2008tik 2012ra bitartean etxeko lanak egiten zituzten emakume asko eta asko lan bila hasi dira, nahiz eta 33.400 emakumek soilik lortu duten helburua. Lan bila ari diren emakume gehienek lanaldi osoko lana nahi dute, baina 10etik ia 3k egun erdiko lana dute.
Bestalde, lanean ari diren emakumeen ia erdiek industrian egiten dute lan, laurdenak baino zerbait gehiagok zerbitzuetan, 5etik 1ek ostalaritzan, % 3k nekazaritzan eta %0,6k eraikuntzan.