Krisi Ekonomikoa -
Euskal funtzionarioak
Erkorekak aitortu du lanaldia luzatzeak albo kalteak eragingo dituela
Gobernu Kontseiluak euskal funtzio publikoko langileen urteko lanaldia 1.614,5ekoa izatea adostu du. Hezkuntzan "oso eragin txikia" izango duela adierazi du Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi duenez, Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzak enplegu publikoari eusteko konpromisoari eusten dio, funtzionarioen urteko lanaldia luzatu arren. Hala ere, neurri horrek Osakidetzan, adibidez, eragina izango duela aitortu du, izan ere, behin behineko langileen kontratazioa murriztuko dela jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Administrazio Publikoko langileen lanaldia luzatzeko dekretua onartu du gaur, eta urteko 1.614,5 ordu lan egin beharko dituzte, lehenago baina 20 bat gehiago.
Erkorekak Gobernu-bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, dekretua "beharrezko izapidea" zen Eusko Jaurlaritzak datorren astean Aurrekontuen aurreproiektua onartzeko, "Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztuko dituen Aurrekontuen proiektuan langile publikoei dagozkien kontu ekonomikoak eguneratuta egon daitezen".
Bozeramailearen esanetan, "hemendik aurrera, sektoreka negoziatuko da dekretua, dagokion mahai sektorialetan, eta hor zehaztuko dira sektore bakoitzaren baldintzak dekretuan oinarrituta"
Hala ere, Erkorekak berretsi du "enplegu publikoari eusteko konpromisoa" izaten jarraitzen duela "zerbitzu sozialei eusteko, osasunean, hezkuntzan eta babes sozialean".
Hezkuntza
Bestalde, lanaldiaren luzapenak Hezkuntzan "oso eragin txikia" izango duela azpimarratu du Erkorekak, izan ere, "lanaldiaren parametroak oso desberdinak dira" sektore horretan.
Zehaztu duenez, dekretuak "langile publiko guztiei eragingo die EAEko Administrazio orokorraren testuinguruan, baina lanaldia eta ordutegiak zehazten direnean, Hezkuntzan eragin txikia izango du".
Osakidetza
Osakidetzan, berriz, "eragina zian dezake behin behineko egoeran dauden langileei, kanpoan geratu bailitezke".
Aurrekontuak
2013. urterako Aurrekontuen inguruan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak uste du beste alderdiekin akordiora iristea "posiblea dela", proiektuaren "apustu soziala ukaezina delako". Ildo horretan, Jaurlaritzak martxoaren 12an onartuko dituen Aurrekontuen bi heren gizarte politiketarako direla ziurtatu du.
Aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko erabakia "alderdi bakoitzarena" dela esan du Erkorekak. "Bakoitzak egoera politikoaren, Aurrekontuei ematen dien garrantziaren eta Kontu Publikoei bere planteamenduak sartzeko dituen pertzepzioen baitan hartu beharreko erabaki askea da".