Krisi Ekonomikoa -

2013ko aurrekontuak

Itsaso Atutxa: 'PSEk badaki kontuak luzatzea ez dela aukera bat'

Bizkaiko EAJko buruaren ustez, ezin dira aurrekontuak automatikoki luzatu, 'ez daukagun dirua ezin baita gastatu'.

Itsaso Atutxa BBBko presidentea. Argazkia: EiTB
Itsaso Atutxa BBBko presidentea.
Itsaso Atutxa BBBko presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak luzatzea "ez da aukera bat", eta, kontrakoa esan badute ere, "sozialistek badakite hori".

ETB-2ko 'Egun on Euskadi' saioan egindako adierazpenen arabera, sozialistak oker daude Jaurlaritzak aurrekontuak luzatzeko asmoa duela uste badute.

Ricardo Gatzagaetxebebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuarekin batzartu ostean, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak esan zuen oso zaila izango dela sozialistek 2013ko EAEko aurrekontuak babestea, eta litekeena dela 2012koak luzatu behar izatea. "Berak badaki ezin ditugula kontuak luzatu, ez ditugu iazko diru-sarrerak izango, eta hori berak badaki, urte bukaera arte Gobernuan egon zelako", adierazi du Itsaso Atutxak.

Aurrekontuak automatikoki luzatzea ez da aukera bat, Atutxaren arabera: "Ezin dugu gastatu ez daukaguna, eta beraz, ez da aukera bat".

Ogasun eta Finantza sailburuak aurrekontu proposamena aurkeztu zien Legebiltzarreko taldeei, eta, ondoren, lehendakariak horren gaineko azalpenak eman zituen. Itsaso Atutxaren iritziz, argumentu nahikoa argiak eman dituzte sailburuak eta lehendakariak: "Hasieratik genekien egoera ekonomikoa zaila zela eta murrizketak egongo zirela".

"Beraz, Jose Antonio Pastorrek egoera zein den jakinda, badaki ez dugula aurrekontuak luzatzearen alde egingo, eta akordio bat ixten saiatuko garela", gaineratu du Itsaso Atutxak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea