Krisi Ekonomikoa -

2012ko datuak

Esportazioak jaitsi egin dira Bizkaian eta Araban, eta igo Gipuzkoan

Inportazioak hiru probintzietan jaitsi dira, baina balantza komertziala (esportazioen eta inportazioen arteko diferentzia) positiboa izan da.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen esportazioak % 3,6 jaitsi dira 2012. urtean; jaitsiera nabarmenagoa izan da Bizkaian (% 8,1) Araban (% 4,3) baino, eta Gipuzkoan % 3 hazi da esportazioen kopurua. Inportazioak hiru probintziatan jaitsi dira. Hala ere, balantza komertziala (esportazioen eta inportazioen arteko diferentzia) positiboa izan da.

Eduardo Mozo de Rosales Arabako Merkataritza Ganberako idazkari nagusiak eman du behin-behineko datu horien berri. Horren hitzetan, 2013. urtea "gogorra" izango da EAEko balantza komertzialarentzat.

Euskal enpresek atzerrian saldu dutenaren kopurua 20.302 milioi eurokoa izan da, eta produktuak inportatzen 15.506 milioi euro gastatu dituzte. Horrela, balantza komertziala positiboa izan da, ia 5 milioi eurokoa.

EAEko enpresak atzerrira saltzeko dituzten arazorik nagusiak kredituaren gabezia eta eskaeraren jaitsiera dira, Mozo de Rosalesen iritziz.

2013. urteari begira, aurreikuspenak egin dituzte: EAEko enpresen % 34k esportazioak handitzea espero dute; ia erdiek, atzerriko salmentei eustea; eta hamarretik bik, jaistea.

Frantzia eta Alemania dira oraindik euskal produktuak gehien inportatzen dituztenak. Dena den, Hego Amerikan dituzte jarrita begiak Ganberako arduradunek, merkatuak zabaltzea baita, horien ustez, esportazioak sendotzeko bidea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea