Krisi Ekonomikoa -

Auzitegi Konstituzionala

Pentsioen erreformaren aurka helegitea aurkeztu dute Konstituzionalean

Diputatuen Kongresuko zazpi alderdik egin dute bat helegitearekin. PSOEk eta UPyDk Amaiurri betoa jarri zioten, eta elkartasun keinu gisa ez zuten testua sinatu ERCk, BNGk, NaBaik eta Compromisek.

Kongresuko hainbat alderdik helegitea aurkeztu dute Konstituzionalean. Argazkia: EFE
Kongresuko hainbat alderdik helegitea aurkeztu dute Konstituzionalean.
Oposizioak pentsioen erreformaren aurkako helegitea aurkeztu du

0:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko oposizioko hainbat alderdik helegitea aurkeztu dute gaur Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Gobernuak pentsioak izozteko hartutako erabakiaren kontra. Rajoyk adierazi zuen "ahal duenean" aplikatuko diela kontsumorako prezio indizearen (KPI) igoera pentsioei.

Alderdi Sozialistak, CiUk, Ezker Anitzak (IU-ICV-CHA), UPyDk eta EAJk egin dute bat helegitearekin. Hasiera batean, sinatzeko asmoa agertu zuten talde mistoko beste hainbat alderdik, baina PSOEk eta UPyDk "betoa" jarri zioten Amaiurri, eta, elkartasun keinu gisa, ERC, BNG, NaBai eta Compromis, akordiotik kanpo gelditu ziren.

140 diputatuk sinatu dute helegitea, eta Auzitegi Konstituzionalari eskatzen diote Gobernuak pentsioak izozteko hartutako erabakia Konstituzioaren aurkakotzat jotzeko, erabakia bertan behera uzteko eta pentsiodunei zor zaien dirua emateko.

Helegitea aurkeztu duten taldeek pentsiodunek erosteko ahalmena galdu dutela salatu dute. Horien ustez, neurria "bidegabea" da eta erretiratuek iraganean eskuratu zituzten eskubideak kolpatzen ditu.

Duela lau hilabete inguru, PSOE, IU, ICV eta Chunta Aragonesista alderdiek beste helegite bat aurkeztu zuten Auzitegi Konstituzionalean lan erreformaren aurka.

Pentsioen izoztea, "legez kanpokoa eta Konstituzioaren aurkakoa da"

Oposizioaren zati batek aurkeztuko duen helegite horretan irakur daitekeenez, pentsioen izoztea "legez kanpokoa eta Konstituzioaren kontrakoa da", legearen atzeraeraginezko aplikazioa baitakar berekin, eta hori "Konstituzioak debekatu egiten du".

Espainiako Diputatuen Kongresuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko 50 diputaturen sinadura beharrezkoa da. PSOE alderdiak soilik du berak bakarrik helegite bat aurkezteko ordezkari nahikoa. Sozialistek proposatu zuten helegitearen kontua, eta, ondoren, beste hainbat alderdik egin dute bat ekimenarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea